Gehigarria: osasuna eta jarduera fisikoa

Kirol saio pertsonalak

Ataria 2022ko uztailaren 29a

«Ez naiz crossfiteko coach bat, entrenatzaile pertsonala baizik», modu horretan zehaztu du bere jarduna Aritz Segurola asteasuarrak. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua (JFKZ) bukatu ostean, Donostiako gimnasio pribatu batean entrenatzaile pertsonal bezala jardun zuen bospasei urtez. 

Segituan, ordea, bere proiektu pertsonalari bidea egitea erabaki zuen: Aiztondo bailarako herritarrei entrenamendu pertsonalen zerbitzua eskaintzea. Geroztik, kirol errendimendua hobetzeko indar entrenamenduak egiten baditu ere, osasuna hobetzea helburu duen jendearekin aritzen da gehien.

Bere proiektuari forma emateko helburuarekin, Asteasun edo inguruan kokatuko den kirol gune bat irekitzeko asmoa du Segurolak. Izan ere, entrenamendu pertsonalak ez ezik, talde murriztutako entrenamenduak, crosstraining eta entrenamendu funtzionalak ere prestatu ohi izan ditu, eta «horretarako leku zabal eta prestatu bat izan behar da». Azken hau adin eta baldintza fisiko guztietara egokituta dagoen entrenamendua dela azaldu du entrenatzaileak: «Gorputzaren pisuarekin zein material ezberdinekin modu dinamiko batean egindako ariketez osatutako saioak izaten dira. Bakoitzak bere gaitasunera egokitutako intentsitatea izanik». Entrenamendu bakoitza bezero bakoitzaren behar eta nahietara egokitzen saiatzen da. «Gaztea bada edo errendimendu handia baldin badu, erresistentzia handiko entrenamendua prestatuko diot. Pertsona heldua baldin bada, lesio bat baldin badu edo muga batzuk baditu, entrenamendu pertsonalizatua antolatuko diot».

Gainera, gaur egun, indar entrenamenduek geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari direla azpimarratu du Segurolak: «Gazteok askotan estetika bilatzen dugu. Baina ez dugu ahaztu behar indar entrenamendua beharrezkoa dela osasuntsu mantentzeko, batez ere 30 urtetik aurrera masa muskularra galtzen hasten garelako. Lehen behintzat kontzientzi oso gutxi zegoen indar entrenamendua beharrezkoa zela, masa muskularra ez galtzeko edo egunerokotasunean mugikortasun arazorik ez edukitzeko. Adin heldu batera iristen garenean, 60 urtetara, adibidez, ez da berandu indar entrenamendu hori lantzeko. Beharraren arabera pertsonalizatu egin behar da, hori bakarrik».

 

ARITZ SEGUROLA ENTRENATZAILEA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!