Mattin Gizarte Abenturak 2019ko apirilean eman zituen lehen pausoak, Asteasun, Beñat Garciaren eskutik. Aste Santuan kanpaldi moduko bat antolatzeko beharra ikusi, eta kirolean zein aisialdian, haurrekin eta gaztetxoekin izandako esperientziaz baliatuta sortu zen proiektua, hazten doana.
Haur eta gazteen parte hartzea erdigunean jarriz, heziketa praktikoa lantzeko helburua du Mattin Gizarte Abenturak. Eta horretan egiten dute lan, ludotekak, jolas txokoak, gizarte abenturak, udaleku parte hartzaileak, kanpaldiak edota data jakin batzuetarako zerbitzu bereziak eskainiz.
Entzun egiten diete haur, gazte zein helduei, galdetu ea zein esperientzia bizitu nahi duten. Eta ondoren, esperientzia horiek aurrera eramaten laguntzen dute, praktikotasunera eramanez eta ekintzaileak izanez. Esperientzia horietan ikasi egiten dute, horregatik da heziketa praktikoa egiten dutena. «Orain arte eman izan den metodologian, begiraleek erabakitzen zuten guztia, eta bazitekeen proposatutakoa ez gustatzea gaztetxoei. Horri buelta eman nahi izan diogu». Horrek egiten du berezi Mattin Gizarte Abentura, parte hartzea antolatzerakoan ere bultzatzen dutelako: «Haur eta gazteei aukera ematen diegu zer nahi duten esateko, eta gu prozesu horretan bidelagunak gara». Begirale izan beharrean, hezitzaileak direla argi dute.
Hala ere, Mattin Gizarte Abenturan lan egiten dutenak hezitzaileak baino gehiago dira, «zerbitzuz kanpo ere hor gaudelako beti». Hor daude, gertukoak dira, horixe da Mattin Gizarte Abenturaren esentzia.
Aisialdian dauden hutsuneak betetzeko egiten dute lan, eta horretarako, inguruko udalekin jartzen dira harremanetan, zein behar dauden aztertu eta zerbitzuak eskaintzeko. Gizarte abentura da zerbitzuetako bat, 6 eta 12 urte bitartekoentzat dena. «Eskola kirola, pilota, futbola edo betiko moldeetatik atera, eta aukera eman nahi genuen herrian, Asteasun, astean behin, aisialdian ekintza ezberdinak egiteko». Jolasak, mendira irteerak, natura ikertzeko planak eta antzekoak egiten dituzte.
Eta gainerakoan, hitzordu zehatz baterako ginkanak eta antzekoak ere egiten dituzte. «Ginkana erraldoia prestatu izan dugu zenbait herriko jaietarako, eta aurten, esaterako Konkis Txikia antolatu dugu Asteasuko festetarako». Izan ere, betiko jolasetatik atera eta material ezberdinak erabiliz prestatzen dituzte jolasak: tirolina, labirintoak, sokak igotzea eta beste. «Materialik eduki gabe, egin ezin daitezkeen ariketak dira. Harrapaketetan beraiek bakarrik hasi daitezke, baina horrelako gauzak antolatzen ditugunean, taldeak egin, koloretan banatu... beste gauza bat izaten da».
Errespetua da Mattin Gizarte Abenturak antolatzen dituen jardueretan parte hartzen dutenek ikasten duten oinarrizko baloreetako bat. «Errespetua guztiarekiko, bai naturarekiko, bai ondoan dagoenarekiko». Errespetuarekin batera jasotzen dituzte egunerokotasunean pasatzen diren gauzak bideratzen jakiteko baliabideak eta ahalmena, praktikotasunetik eta bizikidetzatik asko dutena. «Baita ere erakusten diegu, guztia ez dela zerbaiten truke egin behar, borondatea duzulako egin daitezkeela gauzak». Egiten dituzten jolas eta ariketen bidez, baloreak transmititzen ahalegintzen dira, heziketa lantzen. «Zuk zerbait egiten duzunean, ondoan dagoenari zein onura ekartzen dizkion ikusteak asko betetzen du». Hala, gurasoekin lan asko egiten dute, familiarteko jolasak bultzatuz: «Galtzen doan zerbait da gurasoekin jolas egitearena; eta gaur egun, eskura daukagun teknologiarekin are eta gehiago. Haurrek beraien gurasoekin jolasean ikustean dituzunean jartzen duten aurpegiak ez dauka parekorik».
Irrinetatik irrikletara
Pasa den udan, furgoneta bat hartu eta Euskal Herriko hainbat herritatik barrena itzuli bat egin zuten Mattin Gizarte Abenturako hezitzaileek. Ekimenari Irrineta jarri zioten izena. Herrietan geldialdiak egin eta bertako haur, gazte eta helduekin jolasak eginez pasa zuten astebete. Aurten, Irrikleta egingo dute abuztuaren lehen astean, eta Euskal Herriko beste hainbat herritatik barrena osatuko dute ibilbidea: Asteasuko plazatik abiatu, eta Donibane Lohizune, Baiona, Elizondo, Lekunberri eta Zegama lotuko dituzte.
Sudur gorriak jantzita osatuko dute itzulia, eta jolasetan parte hartu nahi dutenei ere sudur gorriak banatuko dizkiete. «Jolasak egin eta irriak zabaltzea da gure helburua». Bizikletaz joango direla aprobetxatuz, herri batetik besterako ibilbidera edonor batu daitekeela esan dute, pedalkadak elkarrekin emanez. Gero, guzti-guztia dokumental batean bilduko dute, Irrinetarekin egin zuten moduan.
Egiten ari diren beste ekimenetako bat Aiztondoko herritarrak elkarrizketatu eta bideoak Youtubera igotzearena da. «Lanbide ezberdinak ezagutarazi, eta beraien egunerokoaren nondik norakoak jakiteko hitza eman nahi diegu hain ezagunak ez diren herritarrei». Momentuz, Aritz Segurola entrenatzaile pertsonala, Manex Iriarte Distopia elektrotxarangako kidea eta Amaia Agirre bertsolaria elkarrizketatu dituzte. Hilean behin argitaratuko dute elkarrizketa bat.
MATTIN GIZARTE ABENTURA
Telefono zenbakia. 608 971 640- Posta elektronikoa. mgabentura@gmail.com
- Webgunea. Mattingizarteabentura.eus
- Sare sozialak.
Instagram: @mattingizarteabentura
Youtube: Mattin Gizarte Abentura
Tik Tok: Mattin Gizarte Abentura - Zerbitzuak. Ludoteka, jolas txokoa, gizarte abentura, udaleku parte hartzaileak, kanpaldiak, ekintza pertsonalizatuak.