Jai giroa Santamañako ermitaren bueltan

Ataria 2022ko uztailaren 18a

Santa Marina eguna da gaur eta Asteasuko Goibaillarako bizilagunek Santamañako ermitaren bueltan ospatu dute eguna; Goizean, bertsolariak eta trikitilariak aritu dira eta auzoko gazteak herri kiroletan saioa egin dute.

Asteasuko jai batzordeak, Goiballarako bizilagunek eta Santamaña elkarteak antolatzen dute urtero festa. Aurreko asteburuan orientazio proba eta krosa egin ondoren, asteburuan egin dituzte ekitaldi nagusiak. Gaur Santa Marina egunez amaituko dituzte festak. Goizean, mezaren ondorenean hamaiketakoan bildu dira Goiballarako bizilagunak eta bertsotan izan dituzte Anjel Mari Peñagarikano eta Unai Mendizabal.

Bertsolarien saioa amaituta, auzoko gazteak bi taldetan banatuta, herri kiroletan aritu dira: harri jasotzen, txingatan, lokotx biltzen, zaku karreran eta korrika. Bi txandatara egin dute lehia eta berdinketa izan denez, sokatiran ebatzi dute zein izan den talde irabazlea.

Ondoren Izer eta Alabierrekin erromeria egin dute Santamañako ermitaren inguruan. Bazkalostean, 17:30 aldera, kalejira egingo dute eta afal aurretik jaitsiko dute Tranpazulo ermitaren kanpandorretik. Izer eta Alabierren trikiti doinuekin emango diete amaiera aurtengo Santamañako festei. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!