Eman diote hasiera ofiziala aurtengo Santamaña festei

Imanol Garcia Landa 2022ko uztailaren 16a

Suziriak botatzea debekatuta zegoenez, beroarengatik dagoen abisu laranja dela eta, cavarekin eman diote hasiera festei, Tranpazulo igotzen ari ziren bitartean.

Santamañako ermitaren kanpaia ere jo dute festen hasiera ofizialean, eta goiz osoan zehar ere joka aritu dira, haurrak zein helduak. Hasiera ofizialaren aurretik, haurrek globoak margotu dituzte, euren aurpegiak jarriz, eta orrietan Tranpazuloren marrazkia egin dute. Gero, ermitaren horma batetik zintzilikatu dituzte, dekorazio moduan.

Haurrak ere ederki aritu dira jolasean, urez betetako globoak jaurtikiz. Bero egiten zuen eguerdian Santamañan eta inork ez zuen bustitzeko beldur handirik. Bazkariarekin eman diote jarraipena egitarauari. 80 pertsona inguru elkartu dira paella jateko. Arratsaldean eta gauean, Ostolaza eta Rakel Pujana trikitilariek girotuko dute festa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!