Aitor Regillaga eta Maria Ordoñez izan dira azkarrenak Santamañako krosean

Leyre Carrasco 2022ko uztailaren 10a

Eguzkiak gogor jotzen bazuen ere, 80 korrikalari inguru izan dira Santamañara iristeko zazpi kilometroko ibilbidea egitera animatu direnak. Plazatik abiatu eta herrian bertan bi buelta eman ostean, azken bi kilometroak aldapa gora egin dituzte Santamañaraino. 

Aitor Regillaga izan da, hirugarrengoz jarraian, Santamañaraino igotzen azkarrena gizonezkoen artean, 28:25ko denborarekin. Bere atzetik Aritz Garin sailkatu da, 29:01ko denborarekin. Segundo gutxira Raul Gomezek zeharkatu du helmuga hirugarren postua eskuratuz, 29:24ko denborarekin. Emakumezkoei dagokienez, Maria Ordoñez izan da azkarrena Santamañaraino igotzen, 31:30 denborarekin. Ordoñezek Santamañako krosean parte hartzen zuen lehen aldia izan da, gainera. Bigarrena Irati Larrañaga izan da, 34:50eko denborarekin, eta hirugarrena 35:23ko denborarekin Maite Arraiza.

Gizonezkoen artean Santamañara iristen lehen asteasuarra Beñat Fernandez izan da, 31:21eko denborarekin. Emakumezkoen artean berriz, Izarne Mayoz, 42:25eko denborarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!