Mapa batean galdurik

Naiara Roldan de Aranguiz 2022ko uztailaren 9a

Asteasuko santamañen atarikoa izan da gaurkoa eta festara baino kirolari begira jarri dira antolatzaileak. Hirugarrengoz egin dute Orientazio Proba Herrikoia. Eta deialdiak ez du hutsik egin: 3 proba ezberdin eta hogeitik gora talde parte hartzaile izan dira.

Izen-ematea 16:00etan zabaldu dute Asteasuko Santamaña auzoan. Suziriak puntu-puntuan eztanda egin badu ere, talde baten esperoan geratu dira parte hartzaileak. Hau iritsi bezain pronto probaren inguruko azalpenak eman dituzte, zozketak egin dituzte eta hiru orduko proban parte hartzera zihoazenek –10 talde– mapak eskuratu eta horiek irakurtzen hasi dira. Hiru orduren buruan ezarritako balizetatik pasa, anoa gunean probaren bigarren zatiaren mapa eskuratu eta berriro ere helmuga puntura iritsi beharko ziren.

Talde profesionalenaz gain, beste bi proba ere antolatu dituzte Santamañako festa batzordetik. Bi orduko proba –5 urtetik gorako haur eta familiei zuzendurik– eta azkenik, ordubeteko proba ume txikienentzako eta euren familientzako.

Mapak eskuan, iparrorratza buruan eta indarra hanketan abiatu dituzte 2022ko Santamaña Festak. Hurrengo egunetan ordea zer ospatua izango da. Esaterako, Santamañako XX. Kros Igoera egingo dute bihar, 7 kilometroko ibilbidea osatuz. Agenda osorik hemen kontsulta daiteke.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!