Igandean egingo dute XX. Santamañako igoera

Ataria 2022ko uzt. 6a, 14:02

Larunbatean Orientazio proba herrikoia egingo dute eta igandean XX. Santamañako igoera.

Asteasuko Udalak Santamañako elkartearekin batera iganderako antolatu du Santamañako igoera. Uztailaren 10ean, 10:30etik aurrera jokatuko da krosaren hogeigarren edizioa. Parte hartzaileek zazpi kilometroko ibilbidea egin beharko dute: herritik bi itzuli egin eta gero Santamañako ermitaraino igo dira. Izen emateko www.rockhesport.com web gunera jo beharko dute lasterkariek eta zazpi euro ordaindu beharko dituzte.

Gizonezko eta emakumezkoen kategorian lehen sailkatuentzat 120 euroko saria egongo da, bigarren geratzen direnentzat 90 euro eta hirugarrenentzat 60 euro. Inork probako errekorra gaindituko balu sari berezia emango dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Iban Sanchezek du errekorra gaur egun gizonezkoen kategorian, 25 minutu eta 50 segundo behar izan zituen bidea egiteko. Emakumezkoetan, berriz, errekorra Elena Loyorena da, 30 minutu eta 57 segundoko denborarekin. Igandeko krosa amaituta, parte hartzaileen artean hainbat lote zozkatuko dira eta hamaiketakoa banatuko da haien artean.

Azkeneko edizioan 107 lasterketarik parte hartu zuten, 85 gizonezkok eta 22 emakumezkok. Aitor Regillaga tolosarrak irabazi zuen gizonezkoetan 28 minutu eta 13 segundoko denborarekin eta Izaro Rubio ordiziarrak emakumezkoetan, 34 minutu eta 24 segundoko denborarekin.

Orientazio proba larunbatean

Santamañako festen aurrerapen gisa, III. Orientazio proba herrikoia egingo dute uztailaren 9an, larunbatarekin. Proba 17:00etan abiatuko da eta izen emateak abiatu baino ordu bete lehenago egin beharko dira. 12 urtetik gorakoek 5 euro eta hortik berakoek 3 euro ordaindu beharko dituzte. Jasotako dirua Bide Bide elkartearentzat izango da.

Ez da proba lehiakorra izango eta bost pertsona bitarteko taldeak osatu ahal izango dira. Hiru proba mota prestatu dituzte antolatzaileek Santamañako ermitatik abiatuta. Luzea, gehienez hiru ordutan egin beharko dena eta 17:00etan abiatuko denaa. Proba ertaina 18:00etan hasiko da eta gehienez bi ordutan egin beharko da eta gehienez ordubeteko epean burutu beharko da proba motza, 18:30ean hasita.

Proba amaieran anoa postua egongo da Santamañan parte hartzaile guztientzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!