Asteasuko jaiak 2022

Herri kirolak, festarik galdu gabe

Irati Saizar Artola 2022ko eka. 30a, 15:37

Jubilatuen eguna ari dira ospatzen Asteasun; eguerdian, herri kirol erakustaldia egin dute plazan eta ondoren bazkaltzera joan dira.

Asteasuko San Pedro jaiek ez dute etenik. San Pedro egunaren ondotik iritsi da jubilatuen eguna. Goizean, haurrek 8 froga, 8 buruhauste jolasak egin dituzte, eta jubilatuak, mezaren ondoren, hamaiketakoa egitera eseri dira Aiztondo elkartean. Horren ostean iritsi dira herri kirolak plazara. Bazkalaurretik indarrak neurtu dituzte sei kirolarik. Harri jasotze lanetan Lierni Osa, Lur Errekondo, Mikel Lopetegi Urra eta Aimar Irigoien aritu dira, eta aizkoran aritu dira Ugaitz Mugerza eta Julen Alberdi Txikia. Emanaldi tartean zein amaieran beste bi protagonista ere izan ditu saioak: Sebastian Lizaso eta Millan Telleria bertsolariak, hain zuzen. Bertso batzuk kantatu dituzte, plazaren ertz batean.

Jubilatuen bazkariarekin jarraituko dute festan. Telleria eta Lizaso izango dituzte mahaiaren bueltan kantuan, eta Izer eta Alabier trikitilariak ere bertan izango dira. Arratsaldean, 17:30ean gazte olinpiadak egingo dituzte, kuadrillen artean, trikitixa eta pandero eskolaren emanaldia izango da jarraian. Afalosteko hitzorduak borobilduko du eguna, bertso saioarekin. Maialen Lujanbio, Haritz Mujika, Jexux Mari Irazu eta Nerea Ibartzabal aritu dira kantuan eta Amaia Agirre izango dute gaiak jartzen.

Egitaraua

Uztailak 1, ostirala. Kuadrillen Eguna

  • 10:00. Zirku tailerra haurrentzat Lamiategin.
  • 11:30. Ur festa Lamiategin.
  • 13:00. Ikurrinaren aldeko ekitaldia.
  • 14:30. Kuadrillen arteko bazkaria.
  • 17:00. Poneyak eta zezen txikiak.
  • 18:30. Distopiaren emanaldia plazan.
  • 22:00. Zezen suzkoa eta ondoren kontzertua: Gabezin.

Uztailak 2, larunbata. Haurren Eguna

  • 10:00. Herriko haurrentzako jolas eta lehiaketak: marrazkiak, ipuina, xakea, krosa...
  • 12:00-14:00. Puzgarriak.
  • Ondoren, haurren bazkaria eta dantza ikuskizuna.
  • 15:00-17:00. Puzgarriak.
  • 18:00. Tortilla lehiaketa.
  • 18:30. Sagardo dastaketa herriko elektrotxarangarekin.
  • 22:00. Kontzertua: Anker eta Gozategi.

Uztailak 3, igandea. Haurren Mozorro Eguna

  • 11:00. Herriko bertsolarien emanaldia.
  • 12:00. Tio Teronen semeak taldearen ikuskizuna
  • 17:00. Pilota partidak:
    • Larrarte-Erasun/Garai-Agirre
    • Labaka-Urruzola/Urbieta-Aizpuru
  • 19:00. Erromeria: Orkestrina Band Jazpana
  • 21:00. Sorginaren igoera.

Asteasuko Udalak banatu du jada egitaraua eta Tolosaldeko Komunikazio Taldeak egin du. Ikusi hemen jai egitarauaren PDF-a.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!