Asteasuko jaiak 2022

Berreskuratu zutenei aitortza

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ekainaren 29a

Gaurkoa festetako egun handia da Asteasun, San Pedro eguna; hiru urteren ondoren berriz egin dute dantza-soka, eta dantzari gazteek opari ederra egin diete helduei.

Asteasuarrak gogoz ari dira ospatzen festetako egun handia. San Pedro elizako meza nagusia amaitu ondoren, Alkate soinua jo dute txistulariek, eta Pili Legarra alkateak eta udaletxeko zinegotziek ohiko ibilbidea egin dute. Ondoren, dantza-sokaren txanda heldu da. 2019an egin zuten azken aldiz, eta aurten, ohiturari jarraituz, dozena bat dantzari elkartu dira eliza atarian, txistulariek lagunduta, bertaratu diren herritarren aurrean dantzatzeko. Aurreskuaren eta atzeskuaren aginduetara, desafioa, azeri-dantza, fandangoa, arin-arina eta kalejira dantzatu dituzte. Azken hiru dantzetan, gainera, asteasuar gehiagoren laguntza izan dute.

Une hunkigarriena, ordea, agurra dantzatzerako orduan heldu da. Haritz Mujika eta Izaro Garmendia dantzariek, ikusleen artera sartu, eta bere garaian dantza-soka berreskuratu zuen herritar bat atera dute plazara. Gero, gauza bera egin dute dantza-sokan zeuden beste hiru kiderekin, baita txistulariekin atabala jotzen ari zenarekin ere; hauek ere ohitura berreskuratu zutenetakoak dira. Horrela, agurra herritar bati dantzatu ordez, talde bati dantzatu diete, eta aurreskuak eta atzeskuak soilik egin ordez, gainerako dantzari guztiek ere egin dute, dantzari gazteek helduei, alegia. Agurra dantzatzeaz gain, zapi bat oparitu diete, egindako lana eskertzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!