Asteasuko haur eta gazteekin harremana duten eragileek gidatu ohi dute prozesua, Asteasuko Udala, Pello Errota eskola, Guraso Elkartea, Gaztelekua, Mattin Gizarte Abentura, Harituz Bertsozale Elkartea eta Arremanitz Elkarteak, hain zuzen. “Oinarri filosofiko bat hartzeko elkartu ginen eragile guztiak, eta bi urte hauetan antzeko lan bat egiten ibili gara; hau da, gure herrian nolako aisialdia izan nahiko genukeen amestu genuen eta parte hartzearekin lotutako gaien inguruan aritu ginen”, kontatu du Garazi Jauregi Gaztelekuko arduradunak.
Tarte horretan hilabetean behin elkartu dira herriko talde eragileak, eta bertan jabetu dira proiektua teorikoki lantzeaz gain, praktikan ere jarri behar dela. “Mattin Gizarte Abenturako arduraduna den Beñat Garcia eta biok iazko otsailean Asteasuko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko gazteekin bilera bat egin genuen. Lehen fase horretan Asteasu izan genuen hizpide, eta gazteak gure herriaren inguruan hausnartzera animatu genituen”, kontatu du Jauregik.
Prozesu parte hartzaile horretatik abiatuta hainbat hutsunez jabetu ziren eta guzti horiei forma emateko asmoz hainbat jarduera antolatu dituzte; jolasak, ginkana, ibilaldiak... Uda honetan udaleku parte hartzailea egingo dute ere. “Ikasturte osoan programa bat eskaini dugu bilerak egin, ekintzak antolatu eta beraiekin harremana mantentzeko asmoz”, gehitu du.
Ikasle Batzordea eta Ikasle Asanblada
Pello Errota eskolan ere badute antzeko parte hartze programa bat, Ikasle Batzordea. “Gela bakoitzeko ordezkariak hilabetean behin biltzen dira eta gai bat lantzen dute. Ondoren, ordezkari bakoitzak bere gelakideei azaldu behar dizkie landu duten gaiaren nondik-norakoak”, azaldu du Laia Zabala Ikasle Batzordeko ordezkariak.
Dinamika honek bi norabide dituela gehitu du Onintza Elduaien zuzendariak: “Aukera bat da irakasleok gaiak aukeratu, landu eta ikasleei proposatze; eta beste aukera da gaiak ikasleek proposatzea. Azken proposamena Ikasle Batzordetik etorri da, klaseak amaitu eta hurrengo egunean, ekainaren 21ean, Asteasuko igerilekura joango gara. Hori izan da oraingo proposamena”.
Horrez gain, aurtengo San Pedro jaietako egitaraua ere antolatzen ari direla azaldu du Elduaienek: “Ikasle Batzordetik ikusi genuen gai asko ez zetozela bat eskola barneko jarduerekin; herriko festetako egitaraua, adibidez. Beraz, Ikasle Batzordea eskola orduetan biltzen den moduan, eskola orduetatik kanpo biltzen den Ikasle Asanblada parte hartze programa sortu dugu”. Ekainaren 1ean izan zuten lehen hitzordua Arremanitz Elkarteko dinamizatzaile Axier Baglietto eta Guraso Elkarteko lehendakari Ainhoa Landaberearekin batera.
Pixkana bada ere, Soka ekimenari forma ematen ari direla adierazi du Elduaienek, “orain arte ez du egitura finkorik izan eta ikasturte amaierako asmoa da hori lortzea. Izan ere, eskolak programazio bat eskatzen du, eta momentuz Ikasle Batzordean ez dugu programazio jakin bat eta suertatzen diren gaiak lantzen ditugu. Lanketa honek ordea, forma ematea eskatzen du”.
Soka izenaren jatorria
Ekimen honen izena prozesuaren baitan sortu da, eta bere jatorriaren nondik-norakoak azaldu ditu Zabalak: “Soka batzuetan korapilatu egiten da, baina elkarlanean lan eginda azkenean askatu egiten da. Dena ondo doan seinale da hori, eta horrek talde lana garrantzitsua dela esan nahi du”.
Horren harira, eskolan dinamika bat egin zutela gogora ekarri du Xabier Urtaza Ikasle Batzordeko ordezkariak: “Soka ekimena ikasle guztioi aurkeztu ziguten egunean eskolako patioan bildu eta jolas moduko bat egin genuen. Denak eskutik helduta korapilatu ginen, baina elkarlanaren bitartez azkenean askatzea lortu genuen”.
Helduek ez ezik, herriko haur eta gazteek ere horrelako ekimen baten beharra zutela argi utzi dute bi ordezkariek. “Ekimena asko gustatu zaigu, herriko proiektuetan haurren iritzia ere aberatsa izan daitekeela erakusten duelako. Gainera, antolatzen ditugun jarduerak denen gustura egiten saiatzen gara; batzuetan gure iritzia aurrera aterako da eta beste batzuetan ez. Beraz beti dena ez dela posible ikasi dugu, eta horregatik irekita egon behar dugula”.