Bere kulturaren, tradizioaren eta jaien parte zen zati bat urte luzez desagertu zen: dantza-soka. Herriko helduenek gogoan izan dute geroztik, eta azkenean, duela hamalau urteko hutsunea betetzea lortu zuten Mikel Maiz eta Ion Olano herritarrek.
Berreskuratze prozesua duela 25 urte inguru hasi zen, Iturri Zaharretik izeneko proiektua martxan jarri zenean. Jende heldua elkarrizketatzen hasi ziren eta proiektu horretan ari zen lanean Maiz. “Gai desberdinen inguruko elkarrizketak egiten genituen: gerra, garai bateko eskola, baserriko bizitza eta festaren inguruan, besteak beste. Gaztaroaren inguruko galderak egiten nituenean atentzioa eman zidan batek baino gehiagok San Pedro jaiak ekartzen zituela gogora; eta baita ttunttuna ere, izan ere garai batean izugarria zen herritarrentzat festetan danborra eta txistua udaletxeko arkupeetan jarri eta gaueko hamarrak arte jotzen egotea. Festetako politena, dudarik gabe, dantza- soka zela aipatzen zuten, hala ere”, kontatu du Maizek.
Ordurako dantza galduta zegoen, eta “bi aldiz pentsatu gabe” berreskuratzea erabaki zuten: “Asteasuko dantza-soka herritar batek baino gehiagok gogoratzen zuela ikusita, Ionekin (Olano) bildu nintzen. Beste zortzi lagun inguru elkartu ginen, eta Enara Dantza Taldeko irakasle izan zen Anjeles Uzkudunekin harremanetan jarri ginen. Berak eman zizkigun datu argienak eta Asteasuko dantza-soka-k zuen berezitasunaren berri eman zigun, bi arku eduki beharrean bakarra zuela. Hori guztia jakin ondoren berehala jarri ginen lanean”.
Emakumeak ere dantzan
2008az geroztik, ohikoa denez, San Pedro egunean Elizmendin elkartzen dira asteasuarrak, dantza-soka ikusi eta hamaiketakoa dastatzeko. Ikusleen artean dauden emakumeak dantzara gonbidatzea eskatzen du dantza-soka-ren protokoloak, eta tradizioari eutsiz horrela egin dute asteasuarrek. Izaro Garmendia herritarrak gogora ekarri du herriko gazte asko txiki-txikitatik hasi direla dantzan, dantza-soka tradizionalari jarraipena emanez. Baina, hainbat urte igaro ostean Asteasura aldaketak azkar iritsi zirela gaineratu du Olanok: “Hasiera batean gizonezkoek soilik parte hartzen genuen eta emakumeak pixkana naturaltasunez eta inongo konplexurik gabe hasi ziren txertatzen. Hori da dantza bizirik mantentzea, tradizioak aldatzea. Beraz, bizirik mantentzeko egokitu egin behar da”, azaldu du Olanok.
Hain zuzen, 2018an izan zen emakumeak parte hartu zuten lehen urtea, eta egun horretako oroitzapen “polita” eta “berezia” du Garmendiak: “Herriko emakume gazte askok parte hartu genuen lehen urte horretan. Oso polita eta berezia izan zen, tradizioarekin jarraitzeaz gain gaurkotasunera egokitzen jakin genuelako eta gaur egun ere mantentzen dugu”. Pandemia tartean egon bada ere, Garmendiak urtero parte hartu du eta aurtengoan ere dantzan egitera animatu dela aipatu du.
Maialen Otegi herritarrak, berriz, bigarren aldia izango du aurtengoarekin. “Herriko gazteek txikitatik ikusi dugun ekitaldia izan da, eta orain parte hartzeko aukera edukita ez dugu bi aldiz pentsatu behar izan. Hala ere, uste dut, garai batean ez bezala, oraingoan gizonak baino emakumeak errazago animatzen garela dantzan egitera. Horregatik, gaur egun gizonak baino emakume gehiago ikusten dira”, esan du.
Denontzako egina
Generoa ez ezik, dantza-soka-n parte hartzeko adina ere ez da arazo. “Dantza denontzat da, eta nik uste horrek ere berezi egiten duela. Iruran esate baterako, ez dute dantzari esaten, umeak bezala dantxari baizik, eta ez luke horrela izan behar. Helduak ere dantzariak gara”, azpimarratu du Olanok. Kosta ahala kosta herriko hiru belaunaldiak dantzan jarraituko dutela argi utzi dute herritarrek, “hori baita herriaren osotasuna biltzen duena, lotura eta etorkizuna”.
Hortaz, belaunaldi ezberdinetako herritarrak Asteasuko San Pedro jaietan antolatuko duten dantza-soka-n parte hartzera animatu dituzte.