Jakitun naiz modu berean, azken bi urteak egun goibel asko utzi dizkigula gure egunerokoan, eta tarteka ilusio pixka bat ere behar dugula, festa eta algara alegia, oreka bilatu eta aurrera egiteko, indarberritzeko. Hori badute behintzat San Pedro jaiek, alaitasunaren aldea indartzen laguntzen baitute, eta egun hauetan arazoak albora uzteko lagungarri dira.
Askotan bakoitzaren egoeraren gordintasunak alde txarrari gehiago begiratzera eramaten bagaitu ere, ziur naiz barrura begiratu eta ospakizunerako tartea eta modua aurkituko duzuela, baita arrazoi ezberdinak tarteko, etxean hutsune handiegiak sumatzen dituzuenok ere. Hauei besarkada goxo bat.
Herritar bakoitzak bere erara antolatzen du jaia, elkarri traba egin gabe aritzea izaten da kontua, askotan denon gustukoa ez bada ere. Denontzako tokia egin eta gustagarria den hura egitarauan aurkitzea da Jai Batzordeak eta udalak festetarako egiten duten esfortzuaren helburu nagusia, jakitun horrek hainbat lagun lanean jartzea esan nahi duela, gainontzekook ospakizunean murgil gaitezen. Hauei eskerrak, bihotzez.
Kalean bat egin eta elkarrekin gozatzeko modua izatea desio dizuet, urteko nekeak eta buruhausteak albora utzi eta ospakizunetan murgilduz.
Goza ditzagula egun hauek, elkarrenganako errespetuan.
Gora San Pedro jaiak eta gora Asteasu!
Pilar Legarra, alkate andrea