Senidetze Eguna ospatzen ari dira Asteasun

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mai. 28a, 14:32

Aiztondo bailarak El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin duen senidetzearen 29. urtemuga ospatzen ari dira Asteasun; zenbait herritar hurbildu dira udaletxeko ekitaldira.

Aiztondo bailarak El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin duen senidetzearen erakusgarri modura, Senidetze Eguna ospatzen ari dira Asteasun; eguerdian ekitaldia egin dute udaletxean, eta ondoren, bazkaritan bildu dira herritarrak Sarasola sagardotegian. Atzo, Zizurkilgo Pedro Mari Otaño ikastetxeko umeek, gainerako ikastetxeetako ikasleei ipuin solidarioak kontatu zizkieten Plazida Otaño liburutegian eta Atxulondo kultur etxean.

El Salvadorren 1981eko gerra zibilaren harira, herrialdearen iparraldeko milaka herritarrek euren etxeak utzi behar izan zituzten eta Hondurasen babes hartu, Colomoncaguako kanpamentuetan. Han jaso zuten Segundo Montes jesuitaren bisita eta honek kudeatu zuen salvadortarren aberriratzea 1989an. Urte hartako azaroan, Universidad Centroamericanan beste zazpi lagunekin Montes erail eta bi egunetara hasi zuten itzulera El Salvadorreko herritarrek. Morazan departamentuko Meanguera eta Jocoaitique udalerrien lurretan eraiki zuten bizitokia, eta komunitateari Segundo Montes izena eman zioten.

Azkenaldian ur saneamendua bermatzeko lanean aritu dira bertan, eta lan horiek nabarmendu dituzte gaurko ekitaldian. Bertan izan dira Pili Legarra Asteasuko alkatea, Nory Hernandez Segundo Montes komunitatean bizi den kazetaritza ikaslea eta Euskal Fondoa elkarteko ordezkariak. Horiez gain, herritarrek ere El Salvadorren bizi duten errealitatea gertuagotik ezagutzeko aukera izan dute herritarrek, eta amaieran, galderak egin dizkiete hitzaldia eskaini dutenei.

Egunotan Euskal Herrian dira El Salvadorretik etorritako hainbat gazte; Hernandezek, gainera, ekainaren 1era arte luzatuko du bere egonaldia. Aurten, bi urteko etenaren ostean, hitzordua berreskuratu duten arren, begiz jota dute 2023ko Senidetze Eguna. 30. urteurrena gogora ekartzeko ekitaldi sorta antolatu nahiko lukete Aiztondo bailarako udal arduradunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!