Asteasuko Elizmendin prestatu dira Santa Krutz jaiak ospatzeko

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 28a, 07:58

Larunbaterako eta iganderako hamaika jarduera antolatu ditu udalak; larunbatean, 16:30ean botako dute txupinazoa eta Simonen jaitsierarekin emango diete hasiera jaiei.

Iristear dira Asteasuko Elizmendi auzoko Santa Krutz jaiak. Jai giroko asteburu bete-betea prestatu dute jolas, toka, mus txapelketa, hamaiketako, herri kirol saio eta trikiti doinuekin. Biharko egin dute lehen deialdia, auzolanean txosna muntatzeko. 17:00etan geratu dira. Gainerakoan, larunbata eta igandea izango dituzte festarako.  

Larunbatean egingo den mus txapelketa herrikoian parte hartzeko izena eman beharko da aurrez. Larunbatean bertan egin beharko da 15:45 eta 16:15 artean. 16:20ean zozketa egingo dute, eta 16:30etan emango zaio hasiera txapelketari. Antolatzaileek zehaztu dutenez, orduz kanpo ez da izen ematerik onartuko, bikoteko partaide batek behintzat Asteasun erroldatuta egon beharko du eta 16 urtetik gorakoak izan beharko dute guztiek. 

Era berean, azaldu dute parrillada eta txosna herrikoia Soka egitasmoaren alde antolatu dituztela. Bildutako dirua Euskal Herrian garatzen ari diren antzeko proiektuak ezagutzeko eta irteera eta ekintza bateratuetarako erabiliko dute. Jatekoari begira, txekor saiheskia, txorizo ogitartekoa eta entsalada eskatu ahalko dira. 

Egitaraua

  • Apirilak 29, ostirala
    • 17:00. Txosnaren muntaketa auzolanean.
  • Apirilak 30, larunbata
    • 16:30. Txupinazoa eta Simonen jaitsiera.
    • Ondoren. Haur jolasak eta merienda. 
    • 16:30. Mus txapelketa herrikoia, eskola txikian. 
    • Ondoren. Zezen txiki eta poneyak. 
    • 19:30. Agurtzane eta Ion Elustondo trikitilariak eta buruhandiak. 
    • 20:30. Parrillada eta barrikotea, zimiterioan. 
    • 23:00. Zezen suzkoa. 
    • Ondoren. Erromeria Agurtzane Elustondo eta Ion Elustondo trikitilariekin. 
  • Maiatzak 1, igandea
    • 11:30. Meza Santa Krutz ermitan. 
    • 11:30. Bizigoitiberak. Parte hartzeko, bizikleta eta kaskoa eraman beharko da. Izena ematea gaur arte, kultur etxean. 
    • Ondoren. Hamaiketakoa eta toka. 
    • 17:00. Herri kirolak. Aizkolariak: Julen Gabirondo eta Aratz Mugerza. Harri jasotzaileak: Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez.  
    • Bitartean. Buruhandiak. 
    • Ondoren. Izer eta Alabier trikitilariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!