Mikroalgak ekoizteko lehen proiektua abiatu dute Asteasun

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 20a, 11:59

Ezkerretik eskubira, Argoitia, Manterola, Azcue, Legarra, Patterson eta Seoane Algaloopeko instalazioetan. UPV/EHU

Mikroalgen konposizio biokimikoa aztertuko dute Asteasun kokatuta dagoen Algaloop enpresan, gero mikroalga horiek hainbat sektoreetan erabiltzeko

Euskal Herriko Unibertsitateko Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bildumak (BMCC) proiektu berria jarri du abian Eusko Jaurlaritzaren arrantza-eremuko tokiko ekintzarako laguntzen programaren barruan. Mikroalgak laborategian eta eskala pilotuan hazteko ereduaren pilotajea du izena proiektuak eta mikroalgak eskala txikian hazteko eredu bat garatu nahi dute egitasmoarekin, bai sistema itxietan eta baita sistema irekietan ere. Asteasun sortu berri den Algaloop start up enpresan ezarri dute proiektua eskala txikian.

Asteasura ekarri aurretik, mikroalgen hazkuntza EHUko Plentziako Itsas Estazioan garatu dute. Proiektu honetarako aukeratu dituzten espezieak chlorella vulgaris, haematococcus lacustris eta arthrospira platensis izan dira. Mikroalgak ekoizteko prozesuetan ohikoak diren espezieak dira horiek eta haien konposizio biokimikoa aztertuko dute proiektuan: pigmentuak, aminoazido libreak eta elikaduran interesa duten lipidoak bezalako konposatukoak ebaluatuko dituzte laboreetan.

Ekimenaren bultzatzaileek nabarmendu dutenez, egiaztatuta dago mikroalga hauen erabilera komertziala eta proiektu honetan haien konposizio biokimikoa ezagutu nahi dute, etorkizunean elikadura, nutrazeutika, kosmetika natural eta bioongarrien sektorean erabiltzeko. Kultibatutako Mikroalgen Euskal Bildumako (BMCC) zuzendari Sergio Seoanek azaldu duenez, nekazaritzan, medikuntzan edo kosmetikan erabil daitezkeen konposatu bioaktiboak bilatzea da bildumaren jarduera nagusia: «Proiektu hau mikroorganismo horiek balorizatzeko eta etorkizunean eremu askotan baliabide iturri bihurtzeko bildumatik egiten ari diren ekimenen barruan kokatzen da».

Eusko Jaurlaritzako arrantza eremuko tokiko ekintzarako laguntzen programaren barruan kokatzen da proiektua eta apirilaren 11n aurkeztu zuten Asteasun. Ekitaldian izan ziren Leandro Azcue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria, Peli Manterola Haziko zuzendari nagusia, Joseba Argoitia CaixaBankeko Ipar AgroBankeko zuzendaria, Pili Legarra Asteasuko alkatea, Sergio Seoane EHUko irakasle eta proiektuko ikertzaile nagusia eta Anaut Patterson Algaloopeko burua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!