Asteasutik Zarautzera, kablez

Irati Saizar Artola 2022ko api. 1a, 19:59
Asteasuko meatzeak eta Zarautz airez lotzen zituen azpiegitura, Zarauzko udal argazki artxiboko irudi batean, 1919 eta 1920 bitartean. Iturria: Mariano del Corral Funtsa

Asteasuko Udalak liburuxka bat kaleratu du herriko burdin meategien inguruan, Burdina taldearen laguntzarekin. 1907an, aireko kableen bidez lotu zituzten Asteasu eta Zarautz.

Asteasu eta Zarautz aireko kableen bidez komunikatuta egon ziren XX. mendearen hasieran. Asteasuko meatzeetatik ateratako minerala bagonetetan sartu, eta airez iristen zen Zarauzko Mollarrira. Errealitate horixe jaso dute Asteasuko Andazarrateko meatze esparruak izeneko liburuxkan. Burdina taldeak ondu du lana, Asteasuko Udalak hala eskatuta.

Asteasuko historia ezagutarazteko asmoz argitaratu dute liburuxka. Burdina taldeko kidea da Ander Otaño Zubeldia geografoa, eta talde bereko beste bi kiderekin batera aritu da lanari forma ematen. Asteasuk meatzaritzarekin izan duen lotura aztertu dute liburuxkan, historiari errepasoa eginez. “Abagune bikaina zen ondare materialaz gain ondare immateriala ere berreskuratzeko”, azaldu du Otañok.

1891n Asteasuko Izurtzu baserriaren inguruan zeuden burdin meategiei buruzko informazioa jaso dute liburuxkan. Otañok kontatu duenez, XVII. mendean Europako burdinaren %10 ateratzen zen Euskal Herritik. “Gero, XIX. mendearen amaieran, meatzaritza berrindartu egin zen”. Eta, nahiz eta Bizkaian jarduera horrek garrantzi handiagoa izan zuen, Gipuzkoan ere baziren meategiak; tartean, Asteasukoa.

“Industrializazioa” eta “trenaren agerpena” aipatu ditu Otañok testuingurua azaltzeko: “Madril eta Irun lotzen zituen trenak Zizurkilen zuen geltokia, eta, beraz, aukera zegoen meatzeetatik ateratzen zen minerala trenbidez kostaldera eramateko”. Halaxe jarri zituzten martxan, berriro ere, Asteasuko Andazarrateko meatze esparruak, 1891. urtean.

Hasiera hartan meatzeetatik tren geltokirainoko bidea gurdibideetan barrena egin behar izaten zutela azaldu du geografoak, baina, “garraiatze lana azkartzeko”, meatzeak eta kostaldea aireko kableen bidez lotzea proposatu zutela. Hala, Asteasuko Andazarrate eta Zarauzko Mollarri lotu zituzten, 1907an. “Zarauztik, itsasontzien bidez, minerala atzerrira esportatzen zuten; besteak beste, Ingalaterrara eta Frantziara”.

Asteasuko udal artxiboetatik ateratako informazioaren arabera, kable bidezko garraioa gauzatzeko, 122 zutabe kokatu zituzten Asteasu eta Zarautz arteko hamar kilometroetan. Zutabe bakoitza hogei metro luze zen, gutxi gorabehera, eta, Otañok liburuxkan jaso duenez, “urterik onenetan, orduko 150 tona mineral inguru” mugitzen zituzten. Hark azaldu du Lehen Mundu Gerrakoak izan zirela urterik onenak: “Europan borrokan ari ziren, herrialderik indartsuenen ekonomia suntsitzen ari zen, eta, ekoizten zuten guztia gerrarako erabilita ere, material gehiago behar zuten. Eskari handiak egiten zituzten”.

Gerra amaitzearekin batera meatzaritza “gainbehera” hasi zela argitu du Otañok. Zenbait urtez jardunari eutsi ondoren, 1923an lan egiteari utzi zioten Asteasuko meatzeetan. Gaur egun, bistan daude zutabe horien oinarriak, hormigoi zatiak. “Horiek eman digute pista zer bide egiten zuten jakiteko”, esan du Otañok. Dokumentazioari eta orduko argazkiei esker lortu dute zutabeak nolakoak ziren itxuratzea.

Garai hartan, nekazaritza zen lehen mailako jarduera Asteasun. Meatzeak irekitzearekin batera, ordea, “lanpostu asko” sortu zituzten. Mea ateratzen lan egin gabe ere, baziren bestelako ofizio batzuk: azpiegituren mantentzea, kableak konpontzea eta olioztatzea… Eta hainbat ogibide zeuden meatzean bertan ere: “Harria hamahiru zentimetro zulatu behar zutenak ziren batzuk, ondoren zuloan dinamita sartzeko; mineralaren eta harriaren arteko banaketa egiten zutenak ziren besteak; eta minerala lur azpitik ateratzen zutenak ere bai”.

Eguneko hiru pezeta

Otañok kontatu du garai hartan, nekazaritzan, eguneko pezeta bat [0,006 euro] kobratzen zutela, eta meatzaritzan eguneko hiru pezeta [0,018 euro] kobratzen hasi zirela. “Nahiz eta ogibide gogorragoa izan, gehiago irabazten zuten han lanean aritzen zirenek”. Geografoak esan duenez, lehenik “inguruko baserritarrei” eskaini zieten meategietan lan egiteko aukera: “Batzuek aprobetxatu zuten, baina beste batzuk migratzaileei logelak alokatzen hasi ziren, baserriko lanetan laguntzearen truke”.

Horrez gain, Otañok esan du hasieran baserrietako zaldiak edota behorrak erabiltzen zituztela materiala tren geltokira garraiatzeko. “Zortzi-bederatzi kilometro egongo ziren Andazarratetik trenbidera”. Ez dute jaso datu zehatzik, baina badakite migrazioa izan zela. “Esaterako, Gaztela, Asturias eta Errioxatik jendea etorri zen Asteasura, meategietan lan egitera”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!