Eraikuntza jasangarri eta efizienteagoa izango da eskola

Jon Miranda Labaien 2022ko mar. 30a, 19:59

Asteasuko Udalak 2,6 milioi euroko aurrekontua onartu du eta 317.700 euro baliatuko ditu Pello Errota herri ikastetxeko eraikin zaharra egokitzen

Asteasuko Udalak energiaren kontsumoaren aurrezpenean urratsak eman nahi ditu 2022an, eta horretarako, egokitzapenak egingo ditu Pello Errota herri ikastetxeko eraikinetako batean. Eskolak bi zati ditu, berriena 2009an inauguratu zuten eta energetikoki efizientea da. Parterik zaharrean, 70eko hamarkadan eraikitakoan, egingo dituzte lanak eta horretarako 317.000 euro erabiliko dituzte. Pili Legarra alkateak azpimarratu duenez kostu handia dakarkio udalari eraikinaren energia kontsumoak eta hori ekiditeko proiektu bat landu dute udalean: «Teilatu aldaketa bat behar du eta fatxadatik ere energia galtzen duenez, plaka batzuk jarriko zaizkio kanpotik; leihoak ere aldatuko ditugu». Aurten, udalak egingo duen inbertsio nagusia da eta lan horietara bideratuko dute aurtengo aurrekontuaren zati handi bat. 2.634.800 eurokoa da aurtengo aurrekontua.

Egitasmoari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzaren Udalaguntza 2022 diru laguntza lerrora aurkeztu dute proiektua eta 190.000 euro jaso ditu Asteasuko Udalak. Espainiako gobernuaren Aurrezpen eta Energiaren Dibertsifikaziorako Institutuaren laguntzetara ere aurkeztu dute proiektua eta alkateak espero du handik ere laguntza jasotzea. Dena den, energia berriztagarrien aldeko apustuarekin segituz beste ekimen batzuk ere abiatuko dituzte aurten Asteasun: plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte, adibidez, kiroldegiko teilatuan eta eskolako alderdirik berrienean. «Asmoa da iturri horietatik lortutako energia erabiltzea, ez bakarrik udal eraikinetan, baizik eta herritarrekin ere banatzea. Oraingoz azpiegiturak eraikitzen joango gara, etorkizunean komunitate energetikoak sortzen joateko», esan du Legarrak.

Baliabideak efizientzia handiagoarekin erabiltzeko irizpidea arlo gehiagotara ere zabaldu nahi du udalak. Gaur egun, herrian eskaintzen diren eskolaz kanpoko jarduera guztiak eraikin ezberdinetan banatzen dira: eskolan, Lizardi etxean, kultur etxean, kiroldegian eta udaletxeko ganbaran. «Eraikin guzti horiek martxan izateak, kudeaketa aldetik eta ekonomikoki ahalegin handia eskatzen dio udalari». Horregatik herriko beharrak asetzeko eraikin berri bat egitea aurreikusi dute. Leku ezberdinak aztertu ondoren Kabela Berri eremua ikusi dute horretarako egokiena eta bertan 900 metro karratuko kultur zentro bat irudikatu dute herritarrek parte hartze prozesu batean. «Zentro berri hori gauzatzeko ordea, arau subsidiarioetan aldaketa puntuala egin beharko da, eta gaur egungo udal eraikinen erabilera aldatu; Kabela Berri eraikinari, berriz, izaera dotazionala aitortu beharko zaio. Aldaketa hori egiteko tramitazioa dagoeneko martxan jarri du udalak», aipatu du alkateak.

Gaur egun indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren barruan egingo dituzte aldaketak, nahiz eta Asteasuko Udalak laster plan berria osatu beharko duen araudi berrira egokitzeko. Hurrengo hiruzpalau urteetarako prozesu hori aurrera eramateko 119.000 euro bideratuko dituzte.

Plan horretan zirriborratuko dute etorkizuneko Asteasu eta besteak beste zehaztuko dute zein erabilera eman herriko lur sailei. Hain zuzen, hemendik gutxira garatuko da Lamiategiko etxebizitzen bigarren fasea. Udalak lursailaren jabetza osoa eskuratu du, lursail hori lehiaketara ateratzeko pleguak onartu ditu eta promotoreen proposamenak jaso ondoren, lanak esleitu ditu. Berriki egin dute eremu horretan joango diren 29 etxebizitzen zozketa. «Guk pleguetan herriko 40 urtetik beherako gazteei lehentasuna eman nahi genien, azkeneko bi urteetan erroldatuta daudenei eta etxebizitzarik ez dutenei. 23k eman dute izena eta oso pozik gaude horrelako proiektu batek herriaren etorkizuna bermatzen duelako». Alkateak espero du lanak aurki abiatzea.

BESTELAKO INBERTSIOAK

Udalak 2022rako dituen egitasmoen artean Elizmendin aparkaleku bat eraikitzearena dago. Elizarenak ziren lurrak dohaintzan jaso ondoren egingo dute aparkalekua eta 80.000 euro inguruko aurrekontua izango du proiektuak. Urtero bezala, herri bideak konpontzera bideratuko dute aurrekontuaren zati bat, eta aurten, Zabale baserrietara doan bidea konpontzen 45.000 euro erabiliko dituzte, joan den abenduan uholdeen ondorioz errepideak kalteak jaso baitzituen. Proiektu hauek gauzatzeko diru laguntzak eskatuko ditu udalak.

Pandemiaren ondoren, urteroko kultur ekimenak berreskuratuko dituztela aurreratu du Legarrak: «santakrutzak, sanpedroak, Santamañako festak eta iraileko azoka egingo ditugu, deskalabru handirik pasatzen ez bada behintzat». Aurten indarkeria sexistaren kontrako protokoloa idazteko asmoa ere badu udalak, herriko emakume talde eta eragileekin elkarlanean. «Hori zehazteko parte hartze prozesua garatuko dugu herrian», esan du alkateak.

SOKA EKIMENA AURKEZTUKO DUTE OSTIRALEAN

Apirilaren 1ean, 19:00etan Asteasuko plazan herriko haur eta gazteen parte hartzea sustatzeko Salto programaren aurkezpena egingo dute. Proiektuaren orain arteko ibilbidea eta aurrera begirako euren asmoak azaltzeko bideoa aurkeztuko dute. Gozagarri gisa, mokadutxoa, jolasak eta beste hainbat sorpresa izango direla aurreratu dute antolatzaileek.

«Umeei sekula ez zaie galdetzen zer behar duten, nola ikusten duten herria eta iruditzen zitzaigun parte hartzearen kultura hau behetik sustatu behar genuela», aipatu du Asteasuko alkateak. Azkeneko bi urteetan gauzatu dute ekimena eta herriko hainbat eragilek hartu dute parte prozesuan: guraso elkarteak, eskolak, gaztelekuko dinamizatzaileak, kultur teknikariak...

Norabide horretan sakontzeko proiektua da Soka; prozesua dinamizatzen aritu den Axier Baglietto teknikariak azaldu duenez, 12 urtetik gorako gazteak behin herriko eskolan beren ibilbidea bukatu eta ikasketekin jarraitzeko beste herrietako ikastetxeetara joaten direnean herriarekiko lotura galtzen dutela ikusi da. «Haien beharretatik abiatu gara, baina formakuntzan ere ahalegina egin nahi izan dugu. Ez dadin izan Olentzerori idatzitako gutun bat. Nahi genuke gazteak ere parte hartzearen kontzientzia hartzea eta gauzak aurrera ateratzeko ardura bere gain hartzea».

Modu horretara berritu zuten Tranpazulo parkearen lehen zatia iaz. «Parte hartze prozesuan haurrek emandako iritziak kontutan hartuta diseinatu zen txikienei bideratutako zatia. Proiektu ezberdinak prestatu zituen enpresa esleipendunak, eta aurkeztutako horien artean haur eta gaztetxoenek gustukoena hautatu zuten». Datozen asteetan, Tranpazulo parkearen bigarren zatiarekin ere berdina egiteko asmoa dute. Aurtengo aurrekontuan 49.000 euro inguru gorde dituzte lan horietarako.

Soka ekimenarekin gisa horretako proiektu gehiago gauzatu nahi ditu Asteasuko Udalak. Aurreko asteetan, haurrei beraiei, guraso elkarteari eta eskolako klaustroari aurkeztu zaio egitasmoa eta jendaurrean aurkeztuko dute ostiralean, 19:00etatik aurrera, herriko plazan. «Herritar guztiak daude gonbidatuta».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!