Elkarrizketa

«Larunbatean pilota karratuak jarrita ere, irabazi egingo ziguketen»

Imanol Garcia Landa 2022ko mar. 29a, 07:59

Promozio Mailako Binakako Pilota Txapelketaren finalean aurkariak gehiago izan zirela esan du Iker Elizegik, eta oso eskertuta dago larunbatean zaleek emandako babesarekin.

Ezin izan du Iker Elizegik (Asteasu, 2000) bere lehen txapela jantzi. Larunbatean jokatu zuen, Labrit pilotalekuan, Promozio Mailako Binakako Pilota Txapelketa, eta Bakaikoa aurrelariarekin batera 8-22 galdu zuen Zabala eta Oier Exebarriaren aurka. Atzo goizean hitz egin ahal izan zuen TOLOSALDEKO ATARIA-k berarekin, medikuari bisita egin ondoren. Eskua ez du ondo eta bi aste geldirik egongo da.

Ez du erraza izan behar finala galdu eta gero horri buruz hitz egitea.

Larunbatekoa dagoeneko pasa zen. Aurrera begira jarri gara eta ez dut horretaz hitz egiteko arazorik. Alde batera utzi dugu final hori eta orain lanean segitzea tokatzen da, eta hurrengo partidaren bila joatea.

Partida nola bizitu zenuen?

Aurreko astean esan nuen bezala, ilusio handiarekin joan nintzen. Partida gogorra genuela ikusten nuen aurretik, eta horixe izan zela gogorra. Ikaragarrizko egurra eman zigutela iruditzen zait. Ederki aprobetxatu zituzten beraien aukerak, ikaragarri jokatu zuten pilotan eta guk, berriz, ez genuen gure egunik onena izan. Aukeraketan ez zitzaigun horrela iruditu, baina pilotek frontisetik dezenteko irteera zuten. Haiek ikaragarri jokatu zuten, guk hainbeste ez, eta horregatik irabazi ziguten.

Pilotak agian biziegiak ziren? Askotan iritsi zineten, batez ere aurkariak, errebotera.

Larunbatean pilota karratuak jarrita ere, irabazi egingo ziguketen. Gu baino askoz gehiago izan ziren. Aukeraketan ez genuen izan horrelako sentsaziorik, baina uste baino pilota biziagoak ziren. Guk jo izan bagenitu errebotean ere sartuko ziren, baina haiek jo zuten, askoz gehiago izan ziren, eta ez dago horri buruz besterik esaterik.

Aurkariak oso serio aritu ziren, eta agian txapelketako partida onena jokatu zuten.

Dudarik gabe. Zabala ikaragarri zentratuta zegoen hasieratik, eta Oier lehenengo tantotik ikaragarri hazita ikusi nuen. Konfiantzaz gainezka zegoen, eta hasierako zazpi tantoetan bi errebote jo zituen, baina baita ikaragarri zaila den jokaldi bat egin ere, txokotik zabalera bi mozketa egin baitzituen. Gu lanean-eta hasi ginen, baina inpotentzia pixka bat izan genuen, aurkariak asko ari baitziren jokatzen; guztia ondo egiten ari ziren.

Aurretik esan zenuen Etxebarriak pilotarik ez zuela galtzen eta finalean ere horrela izan zen.

Bai, eta pilotarik ez galtzeaz gain, kantxa osoa hartu zuen, pilota oso ondo luzatu zuen, eta, esandakoa, konfiantzaz gainezka zegoen. Aurkariei txaloak jo, askoz gehiago izan baitziren, eta haiengandik ere poztu nintzen. Ez dute txapelketa hain ona egin, baina bukaerara oso ondo iritsi dira eta merezimendu guztiz irabazi ziguten. Eskua eman eta aurrera.

Lehen atsedenaldiaren ondoren esperantza pixka bat piztu zen, markagailuari buelta emango ote zenioten. 8-12 jarri zineten, baina ez zenituzten tanto gehiago egin.

Beraiek kantxan gehiago izaten ari ziren, baina hor geunden markagailuan. dena den, partida osoa kontrolpean izan zutela iruditzen zait. Hor izan genuen aukeratxoa, baina uste dut hurrengo tantoan Zabalak errebotera jo zuela, eta berriz ere beraien dinamikan sartu ziren, gainetik pasa gintuzten eta 22ra zuzenean joan ziren.

Harmailetatik sekulako giroa jarri zuten, eta Asteasutik joandako zaleek zerikusi handia izan zuten horretan.

Ni ikaragarri eskertuta nago. Behin ere ez nuen jokatu horrelako afizioarekin harmailetan. Berotzen hasi ginenetik oilo ipurdia jarri zitzaigun. Ikaragarrizko giroa jarri zuten; irabazitakoan dena erraza da, baina garaikurra altxatzera joan ginenean ere hor segitzen zuten. Ikaragarrizko afizioa dira, asko eskertzen baita momentu onetan egotea eta baita larunbatekoa bezalako ez hain onetan ere. Partidaren ondoren, denok batera ospatu genuen.

Azken finean, ospatzeko moduko txapelketa egin duzue.

Dudarik gabe. Larunbatean, beroaldian, penarekin geratzen zara. Baina orain, hotzean pentsatzen jarrita, ikusi beharra dago aurreko urtetik hona zenbat egin dudan gora, eta Joanesek [Bakaikoa] eta biok zer txapelketa egin dugun. Ikaragarrizko txapelketa egin dugula uste dut, eta azkeneko pauso hori falta izan zaigu. Gustura nago egindakoarekin eta lanean jarraitzea tokatzen da.

Aurrera begira, zer helburu dituzu?

Larunbat honetan oso partida polita nuen, Urrutikoetxearekin Peña eta Arangurenen aurka, baina ezingo dut jokatu. Finalerdietatik eskua pixka bat arrastaka nuen, eta finalerako jarri nuen, baina orduan dezente izorratu zitzaidan. Orain lasai hartuko dut aste bat edo bi, atseden hartu eta osatzeko, eta gero udarari begira jarriko naiz bertara bete-betean iristeko.

Nola duzu zehazki eskua?

Justu gaur [atzo] izan naiz Gasteizen Iñigo Simon medikuarekin. Ekografia egin dugu, eta zainak-eta bere lekuan daude. Azkenean kontusio bat dago, eskua kargatuta, zainak eta hezurrak minduta, baina ez da denbora askorako izango, astebete edo bi. Pixkana osatzen joango gara, eta udarako ondo jartzea izango da asmoa.

Elizegi eta Bakaikoa, finalaren ondoren Labriten kanpoaldean, zaleekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!