Elkarrizketa

«Espero dut, beharrezko tentsioa izan arren, burua hotz mantentzea»

Imanol Garcia Landa 2022ko mar. 24a, 19:59

Lehen finala jokatuko du asteasuarrak profesional mailan eta «ilusioz handiz» begiratzen dio partidari; ez du uste faboritorik dagoenik txapelak janzteko, eta larunbateko neurketa gogorra izango delakoan dago.

Promozio Mailako Binakako Pilota Txapelketaren finalera iritsi da Iker Elizegi (Asteasu, 2000) bere bigarren parte hartzean. Joanes Bakaikoa aurrelariarekin batera, Zabala eta Oier Etxebarriaren aurka jokatuko du neurketa larunbat honetan, Iruñeko Labrit pilotalekuan, 17:15ean hasiko den jaialdiaren barruan.

Nola begiratzen diozu larunbateko finalari?

Ilusio handiz. Hemeretzigarren astea da hau, txapelketa oso luzea izan da, eta astez aste joan gara honaino iritsi arte. Azkeneko pausoa hor daukagu, eta txapelaren bila joango gara larunbatean Iruñera.

Asteburu honetan jakin duzue aurkariak Zabala eta Oier Etxebarria izango direla. Finalerdi horretan berez Salaberria eta Erostarbe izango ziren faborito.

Txapelketa hasieratik bi bikote indartsuenetakoak bi horiek zirela pentsatzen nuen. Partida ikaragarri gogorra egin zuten ostiralean. Salaberriak eta Erostarbek txapelketa erregularragoa egin zuten eta sailkapenean lehen postuan geratu ziren, baina oraingo formatu honekin egun batean jokatzen zen, eta nik uste dut galtzaileek gaizki jokatu ez bazuten ere, irabazleek partida handia egin zutela. Meritu handiarekin irabazi zuten, eta orduan jakin genuen finaleko aurkariak zein izango ziren.

Zuek astebete lehenago lortu zenuten finaleko txartela. Denbora gehiago izateak abantaila da zuentzako?

Bai, dudarik gabe. Eskuetatik eta gorputzez ondo zaudenean ez du hainbesteko alderik astebetetxo horrek. Baina, halere, indarrak hartzeko eta finalerdiko tentsio horiek gainetik kentzeko, masaje bat hartzeko... astebetetxo horrek eragina izaten du finalari begira.

Orain bi asteburu irabazi zenuten zuen finalerdia, Victor eta Gaskueren aurka. Nolakoa izan zen partida?

Uste dut ez zela partida ona izan. Horrelako egunetan tentsioa hor izaten da. Ni nahiko lotuta hasi nintzen, eta Joanesek [Bakaikoa] orduan baino partida hobeak egin ditu. Baina, nahiz eta gure sentsazio onenak ez izan, lanean oinarritu ginen. Nik ez nuen hainbeste luzatzen, Joanesek bukatu ere ez, baina lana eta lana egin genuen, eta aurkariek ohi baino pilota gehiago galdu zituztenez, horregatik irabazi genuen partida.

Zuretzako lehen finala izango da profesional mailan. Bakaikoak eskarmentu handiagoa du. Nola lantzen dira partidaren aurreko urduritasunak?

Orain arte jokatu dudan partida garrantzitsuena izango da. Egia da txapelketa garrantzitsuetan finalak jokatu ditudanean nahiko lasai atera naizela eta nahiko kontrolatu dudala nire burua, baina hau beste maila bat da. Espero dut, beharrezko tentsioa izan arren, burua hotz mantentzea. Bestalde, Joanesek ez dakit zenbatgarren finala duen. Lau eta erdian eta buruz buru txapeldun izan da eta beste final batzuk ere jokatu ditu. Alde horretatik berak beste tenple bat izango duela iruditzen zait.

Bikote sendoa osatu duzu Bakaikoarekin.

Hemeretzi aste daramatzagu elkarrekin txapelketan, eta uste dut harreman handia egin dudala berarekin kantxaz kanpo ere, eta kantxa barruan ikaragarri gustura nago. Lehenengo astetik oso zentratuta egon gara biok txapelketan, astean zehar elkarrekin ere hitz egiten dugu, eta gero horrek elkarrengan konfiantza sortzen du. Kantxan asko batu dugu, Joanesek asko lagundu dit, eta oso eskertuta nago.

Bigarren txapelketa da zuretzat promozio mailan. Aurrekoa Arteaga II.arekin jokatu zenuen eta ez zen nahi bezala atera.

Aurrekoan parte hartu nuenean debuta egin berria nintzen, eta hasieratik ez genuen gurea eman. Bikote moduan ez genuen batu, eta behin bukle txar horretan sartzerakoan, ez genion bueltarik ematen, eta gainera eskuetako minak ere izan genituen. Sufritzea tokatu zen txapelketa bat izan zen, baina uda aldera egoera horri buelta eman nion, eta aurten guztiz kontrakoa izan da. Bukle on batean sartu gara, ia astero ondo jokatzen, eta horrek eman digu erregulartasuna sailkapen ligan goiko bi postuetan bukatzeko. Larunbateko finala egin dugun lanaren saria da. Gozatzeko egun bat ere izango da eta horretan saiatuko naiz.

Finala nola ikusten duzu? Faboritorik badago?

Uste dut bi bikoteek egin ditugula merezimenduak finalera iristeko, eta ez dut faboritorik ikusten. Bikote ikaragarri handia egiten dutela iruditzen zait, oso gogorra. Ikusi dugu Oierrek [Etxebarria] azken bi partidetan bi mila pilotakadatik gora jo eta ez duela pilota bat galdu. Zabala ere oso zentratuta ikusten dut, pilota oso bizi ibiltzen du, beste erritmo bat izaten du askotan kantxan. Momentu batzuetan dominatuta egongo gara, haiek sartzen duten erritmoarengatik. Dudarik ez dago guk lana egin beharko dugula, partida oso gogorra izango dela, eta fisikoki eutsi egin beharko diogula.

Zer-nolako pilotalekua iruditzen zaizu Labritekoa?

Txapelketan zazpi edo zortzi partida jokatu ditugu bertan, handik atera ere ez gara egin. Niri pertsonalki ikaragarri gustatzen zaidan frontoia da. Harmailak gertu daude, kantxan pilota ondo dabil, eta frontisa ere ederra da. Frontoi zoragarria da horrelako egun baterako, eta ni ikaragarri gustura nago bertan jokatuko dugulako finala.

Asteasutik zaleak joango dira, noski.

Herri txikia eta pilotazalea da, eta uste dut herrian ilusioa piztu duela final honek. Pare bat autobus behintzat antolatu dituztela badakit, eta ehundik gora lagun joango dira. Jendea hor egoteak ere poza ematen du.

Buila pixka bat egingo dute, beraz.

Dudarik ez egin. Gainera eguerditik joango dira eta gogotsu sartuko dira frontoira. Finalerdietan han izan ziren ere, eta nahiz eta frontoian ez izan, astero hor izan ditut galdezka eta prest laguntzeko. Eskertuta nago lagunei, familiakoei eta herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!