Asteasuko Andazarrateko meatze esparruei buruzko liburuxka aurkeztu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 19a, 12:20

Burdina taldeko Ander OtaƱo eta Pili Legarra alkatea, gaur, liburuxkaren aurkezpenean.

Asteasuko Izurtzu baserri inguruan 1891. urtean zeuden burdin meategien inguruko liburuxka argitaratu du udalak Burdina taldearen laguntzarekin.

'Asteasuko Andazarrateko meatze esparruak' liburuxka aurkeztu dute gaur, Asteasuko udaletxean. Udalak argitaratu du Burdina taldearen laguntzarekin eta herriko etxe guztietan banatu dute. Pili Legarra alkateak esan duenez herriko historia eta memoria berreskuratzeko ariketa baten ondorio da liburuxka.

Burdina taldeko Ander Otañok eman ditu liburuxkaren inguruko azalpenak. Esan du Izurtzu baserri inguruan burdin meategiak zeudela 1891. urtean, eta bertatik materiala kable bidez eramaten zutela Zarauzko Mollarriko kargategira, handik baporez garraiatu ahal izateko. Zutabe erraldoien bidez egiten zuten garraioa; Asteasutik Mollarrira 120 bat zutabe luze zeuden, 20 bat metroko garaiera zutenak. XIX. mendearen bukaera zen, eta orduko landa eremuko Asteasun eragin handia izan zuten meategiek. "Garai hartako Asteasu gaur egungoaren oso bestelakoa zen. Meategi batzuk aurkitu zituzten, eta burdina ateratzen hasi ziren. Euskal Herrian ateratzen zen burdina Europa osokoaren %10 zen, gune garrantzitsua zen beraz". Burdina aipatzerakoan askori Bizkaia etortzen zaie burura, baina Otañok gogoratu du Gipuzkoan bazirela ustiategi txikiagoak. "Hemengo meategietatik materiala garraiatzeko hainbat aukera aztertu zituzten, eta azkenean hemendik Zarauzko Mollarrira artean airebidea egitea merkeagoa zela ikusi zuten". Asteasutik ateratzen zen burdina atzerrira bidaltzen zuten batez ere, eta garraiatzeko egindako bidea atzerriko inbertsoreen bidez egin zen.

Meatzetako lanek eragin zuzena izan zuen Asteasuko egunerokoan. Meatzetan hainbat lan egin behar ziren –zamalanak, harri-zulatzaileak lehergailuak jartzeko, garraiolariak...–. Horietako asko kanpotik iritsi ziren Asteasura, nahiz eta baziren herrian bertan meatzetako lanetan hasi zirenak ere. Immigrazio olatu nahiko handia jaso zuen herriak eta herriko ekonomian izan zuen eragina. "Meatzetara lanera etorritako asko baserrietan hartzen zuten ostatu, eta horrek baserrietan izan zuen eragina. Askok alokairua ordaindu ordez, baserriko lanetan aritzen ziren". Lan gogorra zen, ordu asko egiten zituzten lan eta diru gutxi jasotzen zuten ordainetan. Baserritar batzuk hasi ziren meatze horietan ere; materiala banatzen, harri-zulatzaile bezala, edo zamalanak egiten. Lan gogorra zen eta lan istripuak ohikoak ziren.

Liburuxkan historia hori guztia jaso dute, eta baita artxiboetako hainbat argazki eta dokumentu ere. Lanerako erabiltzen zuten materiala ikusi daiteke ere.

1927. urtean itxi zuten Mollarri. Lehen mundu gerratearen ondorioz, burdina oso preziatua izan zen eta urte oparoak izan zituzten meategiek, baina ondoren, behera egin zuen industria horrek, eta 1918-1923 urteen artean krisi handia izan zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!