Iker Elizegik promozio mailako finala jokatuko du

Ataria 2022ko mar. 12a, 09:10

Mallabiako frontoian atzo iluntzean Bakaikoarekin batera jokatutako partida, Viktor-Gaskueren kontra eta 13-22 irabazita, Iker Elizegi asteasuarrak promozio mailako finala jokatuko du.

Pozik azaldu zen Baikoko pilotaria partida amaitu bezain pronto Eitb-n egindako elkarrizketan: "Hamalau asteko txapelketa luzea izan da". Iker Elizegi kontziente zen aurretik egindako lanak balio izan diela berari eta bere bikote Bakaikoari, baina benetako lana egun zehatzetan ere egin beharra dagoela argi zuen: "Horrelako egunetan egin behar da".

Partidan sufrituta aritu dela aitortu zuen asteasuarrak: "Oinatzen despedidatik justu samar aritu naiz azken bi astetan, kargatuta". Lana eta lana eginda gailendu dira Bakaikoa-Elizegi Viktor-Gaskueren kontra. Elizegi gustura mintzatu da partidaren bigarren parteaz: "Erditik aurrera disfrutatuta aritu naiz. Gutxi galduz eta gutxi erregalatuz".

Partidan beti aurretik

Partida osoan zehar bikotearen sama Iker Elizegi atzelariak eraman du. "Onena zalantzarik gabe, erregularrena", dira partidan zehar asteasuarraz entzun diren loreak.

Bakaikoak eta Elizegik lanak Viktor-Gaskuek baino aurretik egin zituzten eta play-off-etan jokatu beharrik ez dute izan. Partida bakarrean beraz, final-aurrekoa jokatu eta aurrera egin dute.

Atzo gaueko partidan, uneoro Bakaikoa-Elizegi aurretik izan ziren. Partida osoan zehar ez zen berdinketarik izan: 2-4, 4-11, 4-14, 9-14, 10-17, 13-18 eta 13-22. Garaipena berriz urdinen aldekoa izan zen Mallabiako frontoian.

Mailara egokituta

2020an Asteasuko Usarrabi frontoian debuta egin zuen Iker Elizegik eta aurtengo helburua, txapelketa martxan jarritakoan, buruan izan duena "maila honetan egokitzea" izan da. Helburua beteta, orain koxka bat gora egitea geratzen zaio: Promozio Mailako Finala irabaztea.

Aurkariak aukeratzeko orduan ez du lehentasunik azaldu: "Ez dira kontrario errazak. Etortzen direnak, etortzen direla aurre egingo dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!