Hizkuntza berri bat bizi minarentzat

Jon Miranda Labaien 2022ko mar. 4a, 07:57

Asteasuko ikus-entzunezko gelan, bihar, Tabuen Kutxatik Oholtzara bertso musikatu solidarioa eskainiko dute lau bertsolarik eta bi musikarik. Izan Inurri elkarteak prestatutako saioa da eta bularreko minbizia pairatu duten edo pairatzen ari diren emakumeen ahotsa ekarri nahi du lehen lerrora; Amaia Agirre billabonatarra ariko da gai jartzen.

Bularreko minbiziari lotutako estereotipoak gainditzeko ekarpen bat egitera dator Izan Inurri elkartea. «Gure esperientzia, ahotsa eta gorputza plazaratuz egin nahi dugu ekarpena, eta bide batez esanda, urteetan bularreko minbiziari ukatu zaion presentzia eta espazioa eskainiz». Gaitza modu batera edo bestera jasatea tokatu zaienei laguntzeko eta gizartea sentsibilizatzeko, bihar lur hartuko du Asteasun, Tabuen Kutxatik Oholtzaraproiektu solidarioak. Bertso saio musikatua egingo dute udaletxeko ikus-entzunezko gelan 18:00etan hasita. Uxue Alberdi, Oihana Iguaran, Maider Arregi eta Eli Pagola arituko dira bertsotan eta Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikari bezala. Izan Inurri elkarteko kideekin batera Amaia Agirrek jarriko ditu gaiak.



Gertutik ezagutzen du minbizia Agirrek eta Aspanogi elkarteko kide ere bada. Donostiako Dokan joan den urtarrilaren 30ean egin zuten lehen saioaren harira jarri ziren Izan Inurriko kideak berekin harremanetan: «Badakit zer den minbiziaren inguruan bizitzea eta proiektu polita iruditu zitzaidan hasieratik. Bizitzari buruzko balore batzuen inguruan asko ikasten ari naiz eta gai jartzaile bezala hasi banintzen ere, ia taldeko beste kide bat bezala ari naiz gaur egun. Lagun talde honetan, akelarre honetan sartu naiz eta oso pozik nago. Neska hauek umorea daukate soberan, oparitzeko, eta energia eta indarra ere bai».

Taldeko kide den Julene Illarramendiren ama bularreko minbiziaren ondorioz hil zen. Illarramendik Izan Inurri ekimena abiatu zuen, minbizia pairatu dutenek zein beraien senitartekoek dituzten beharrak identifikatzeko eta horiei konponbidea ematen ahalegintzeko. «Gure proiektuan parte hartzen duen emakume bakoitzak ahots propioa du eta gure esperientziak batu eta partekatzean, minbiziak sortzen digun beldurra gainditzeko tresna bilakatzen dira gure ahotsak. Minbiziaren inguruko narratiba berri bat sortu nahi dugu, poliki-poliki, hitz berri horiek emakume askorentzat baliagarri izan daitezen. Minbiziak gure bizitzan suposatzen duena integratzea du helburu, isiltasunak ez baitigu ezer onik ekarriko», aipatu dute Izan Inurriko kideek.

 

Amaia Agirre Arrastoa: «Neska hauek umorea daukate soberan eta energia eta indarra ere bai»



Proiektuan parte hartzen duten emakumeek hizkuntzarekiko eta hizkuntzaren ahalmenarekiko konpromisoa partekatzen dute. «Minbiziak inposatzen duen isiltasun eta estigmari gainjartzen zaio emakume izateari lotutakoa. Euskal kulturan ere, tamalez historikoki eman da emakume ahotsaren espazio eta prestigio falta, eta gure proiektuak egoera horretan ere eragile izan nahi du». Bi mailatan eragin nahi dute beraz: alde batetik, minbizia jasandako emakumeek bizitako esperientziei ikusgaitasuna emanez; eta esperientzia horietatik abiatuta, hizkuntza eraikitzaile eta eraldatzaile bat sortuz.

Asmo horrekin sortu dute Tabuen Kutxatik Oholtzara proiektu solidarioa eta Izan Inurriko kideei emanaldirako gaiak prestatzen laguntzen die Agirrek. «Saioan jartzen ditugun hamar gaietatik bostetan taldeko kideak igotzen dira oholtzara gaia jartzea. Gai mordo bat plazaratzen dugu, askotan oharkabean pasatzen direnak. Ez da bakarrik ileordea jantzi edo ez jantzi, protesia jarri edo ez jarri. Hortik harago jo nahi izaten dugu eta orain arte ezkutuan geratutakoak agerrarazi. Jendeari kontzientzia piztu eta gauzak ikusarazteko modu bat dira saio musikatu hauek».

Besteak beste, hizkuntza berri bat sortzeko ahalegin horretan erabiliko duten erremintetako bat umorea izango da. «Minbizitik eratorritako egoerak latzak dira, dudarik gabe, baina minbiziaren esperientzian bizi mina integratzeko umorea ezinbesteko tresna dela iruditzen zaigu. Hor badago begirada berri batekin konkistatzeke dagoen esparru bat, umorez erabiltzen diren errealitateek presentzia lortzen dutelako, eta presentzia horrek egun existitzen ez diren aukerak sortzen ditu», nabarmendu dute Izan Inurri elkartetik.

Urtarrilaren 30eko Dokako saioan parte hartu zuen Ane Labaka bertsolariak eta hark Algara mutilatuak izeneko entseguan umorearen inguruan egindako gogoeta eurentzako hartu dute elkarteko emakumeek. «Umorea bada espazio bat zalantza hutsetik edo gauzak hipotetiko bilakatzetik berrinterpretatzeko aukera ematen dizuna; eraikitzeko aukera sortzen duena galdera batetik. Kolektiboki eta konplizitatez. Bazterrekoa gozatzea; hegemonia arrakalatzea. Elkarrekin sortzea; kantatzea. Hartzaileari azkura eragitea. Elkarrekin barre egitea. Algaraka. Ozen. Behingoz irribarre erditik osora igarotzea».

 

Amaia Agirre Arrastoa: «Noraezean dauden pertsonei babesgune bat eskaintzea da»



Oholtza gainean, hortaz, hitza hartuko dute minbizia jasan duten emakumeek, «hitz soilak, hitz xumeak». Baina, aldi berean, hitzak eraldatu nahi dituzte. Tabuen Kutxatik Oholtzara emanaldiarekin, hizkuntza berri bat sortu nahi dute, ekintzetara pasa ahal izateko. Egia horiek, esaten dutenez, intuizioz sentitzen dituzten horiek aztertu eta plazaratu nahi dituzte bertso saio musikatuan. «Hori baita gure biziraupenaren muina, bizitza sortzaile den mugimendu batean parte hartzea».

Bihar Asteasuko ikus-entzunezko gelan

Izan Inurri proiektuan emakume bertsolarien parte hartzea bultzatu dute, eta hain zuzen, Dokan eskaini zuten lehen saioan aritu zen Uxue Alberdi bertsolariaren Kontrako eztarritik entseguari ere egiten diote erreferentzia elkarteko kideek. «Esperientzia femeninoa, esperientzia maskulinoa baino zabaltasun, erakusgarritasun, garrantzia gutxiagokotzat jotzen da. Emakumeen esperientzia, gizonezkoenaren azpikotzat, garrantzia gabekotzat eta mugatutzat jota, emakumeen literatura automatikoki gutxiesten da», dio liburuan Alberdik. Bada, hain zuzen, ahozko literatura hori bihar Asteasun gorpuztuko da, emakumeen esperientziatik, emakume minbizidunen gorputzek hartuko dute oholtza.

18:00etan hasiko da emanaldia eta Izan Inurrik prestatutako bideo bat eskainiz abiatuko dute saioa. Ondoren elkarteko kideek jardungo dute Agirrerekin batera gaiak jartzen eta bi musikarik ere parte hartuko dute bertso saio musikatuan, Ixak Arrutik eta Gari Otamendik. «Dokan Uxue Alberdi, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Alaia Martinek hartu zuten parte. Asteasurako Uxuek eta Oihanak errepikatuko dute eta Maider Arregi eta Eli Pagola gonbidatu ditugu», esan du Agirrek.

Izan Inurri elkartetik nabarmendu dutenez parte hartzen duten emakume bertsolarien kontratazio eta lan baldintza duinak bermatuko dituzte saio hauetan, «kultur eragile bezala daukaten balioa aitortuz eta emanez». Eraldaketarako eragile aktibo izan nahi du elkarteak.

Tabuen Kutxatik Oholtzara emanaldiak arrakasta izan zuen lehen aldi hartan eta sarrerak ere azkar batean saldu dira Asteasuko biharko emanaldirako. Hurrena, martxoaren 12an emango dute Errenteriako Niessen elkartean. «Proiektu xume bezala abiatu zen Izan Inurri, baina pixkanaka ur handitan sartzen ari da, ekitaldi berezi batzuetan parte hartzeko deitu izan digute, Onkologikoan ere buru-belarri sartuta gabiltza hango langileen baldintzak bermatu nahian, gaixoen elkarteekin ari gara... Ekimen horiei guztiei aurre egiteko diru poltsatxo bat sortzea izango da emanaldi hauen helburua, irabaziak elkartearentzat joango baitira», aipatu du Agirrek.



«Minbiziak batu gaitu bide honetan, Izan Inurrik sortu duen sare polit honi esker, milaka emakume ezagutzeko aukera izan dugu: emakume burusoilak, amonak, orbainez jositakoak, titi bakarrekoak... denak bihotz handikoak». Uxue Bereziartua Lonbidek sortutako ilustrazioak elkarteak eman nahi dituen besarkadak sinbolizatu nahi ditu, familia honen parte izateko gonbita irudikatu. Agirrek borobildu du gogoeta: «Ertz asko ukitzen ditu gai honek eta gure helburua da noraezean sentitu daitezkeen pertsona horiei babesgune bat eskaintzea». Magala, altzoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!