Herri kiroletako jaialdiak agurtu du urtea Asteasun

Leyre Carrasco 2021eko abenduaren 31

Egur Sport enpresak antolatuta, bost txapelketa jokatu dituzte arratsaldean Asteasuko Usarrabi frontoian.

Ohi bezala, Asteasuk herri kirol jaialdia antolatu du gaurkoan. Arratsaldeko 17:00etan eman diote hasiera txapelketari Usarrabi frontoian, eta hainbat herri kirol modalitate ikusteko aukera izan dute bertaratu direnak. Egur Sport enpresak antolatuta, guztira bost txapelketa izan dira jokoan; batetik, Urrezko Aizkolarien Kopa, hiru parte hartzailerekin: Hodei Ezpeleta, Jokin Urretabizkia Basozabal eta Julen Gabirondo (berez Xabier Zaldua zen izatekoa).

Beste txapelketa Binakako Harri-jasotze Txapelketa izan da, eta hiru bikote aritu dira lehian: Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza, Jokin Eizmendi eta Gorka Etxeberria, eta Jon Unanue Goenatxo III.a eta Xabat Olaizola.

Emakumezkoak izan dira protagonistak beste hiru txapelketetan. Trontza txapelketan bi bikote aritu dira lehian: Ainhoa eta Maria Iraizoz, eta Nerea Egurrola eta Batirtze Ispizua. Ingude txapelketan, Karmele Gisasola Zelai III.a, Maika Ariztegi eta Luxia Orbe izan dira parte hartzaileak. Azkenik, Nerea Sorondo eta Laiene Pikabea aritu dira aizkoran.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!