Herri kiroletako jaialdi zabala Asteasun

Ataria 2021eko abenduaren 29a

Jokin Eizmendi, orain gutxi Asteasun jokatutako Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan.

Egur Sport enpresak antolatuta, bost txapelketa izango dira jokoan abenduaren 31ko arratsaldean Usarrabi frontoian.

Ohi bezala, Asteasuk herri kirol jaialdia hartuko du abenduaren 31n. Usarrabi frontoian izango da, 17:00etan hasita, eta hainbat herri kirol modalitate ikusteko aukera izango da. Egur Sport enpresak antolatuta, bost txapelketa izango dira jokoan bertan. Batetik, Urrezko Aizkolarien Kopa, hiru parte hartzailerekin: Jokin Urretabizkia Basozabal, Hodei Ezpeleta eta Xabier Zaldua.

Beste txapelketa Binakako Harri-jasotze Txapelketa izango da, eta hiru bikote ariko dira lehian: Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza, Jokin Eizmendi eta Gorka Etxeberria, eta Jon Unanue Goenatxo III.a eta Xabat Olaizola.

Emakumezkoak izango dira protagonistak beste hiru txapelketetan. Trontza txapelketan, esaterako, bi bikote ariko dira lehian: Ainhoa eta Maria Iraizoz, eta Nerea Egurrola eta Batirtze Ispizua. Ingude txapelketan, Karmele Gisasola Zelai III.a, Maika Ariztegi eta Luxia Orbe izango dira parte hartzaileak. Azkenik, aizkoran Nerea Sorondo eta Laiene Pikabea ariko dira nor baino nor.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!