ELKARRIZKETA

«Gaztaren prezioa igo beharra dago, bestela ezin dugu aurrera segi»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abe. 16a, 07:59

Joseba Otegi asteasuarrak behiak kendu eta ardiak jarri zituen 2006. urtean; Maria Jesus Hidalgo emaztearekin batera, Goine esnekiak ekoizten ditu, eta kezkatu dago baserritar eta kaletarren artean sortu den distantziarekin.

ATARIA IRRATIko Baserritik saioko protagonista izan da Joseba Otegi artzaina. Asteasun bizi da Gorua Goiena baserrian, eta 2006az geroztik, behiak kendu, eta ardiekin ari da Maria Jesus Hidalgo emaztearekin. Mota askotako gaztez gain, esnekiak ekoizten dituzte. Sari bat baino gehiago jaso dituzte eta horrek indarra ematen badie ere, «etorkizun txarra» ikusten du.

Baserrian jaio zinen?

Ez. Gurasoek aurrena denda bat izan zuten, eta gerora taberna izan dute eta horrekin jarraitzen du familiak. Ni ordea, zortzi-bederatzi urterekin osaba eta izebarengana etortzen hasi nintzen Gorua Goiena baserrira. Aita da hemengoa, eta hortik nekazaritza ikasketak egin nituen, eta horrela geratu nintzen hemen.

Orduan, ume garaian gustua hartu zenion baserriari.

Bai. Udan beti etortzen ginen anaia eta biok, eta beti tira izan dit animaliekin-eta baserrian lanean aritzeak. Taberna behin ere ez zait gustatu. Batik bat behiak gustatzen zaizkit, eta baratzean etxerako zerbait egiten dugu, baina ez zait asko gustatzen.

Nola gogoratzen duzu zure ume garaiko baserria?

Oraingo baserrietatik oso ezberdina. Garai hartan, oiloak, untxiak, txerriren bat, bi edo hiru ahuntz, eta zortzi edo bederatzi behi ziren. Osaba lanera joaten zen, baina horrekin bizitzen ziren. Inguruko baserriak ere horrela ziren, eta orduz geroztik buelta handia eman du.

Ikasketak aukeratzerakoan garbi izan zenuen lehen sektoretik jarraitu nahi zenuela.

Asteasuko ikasketak amaitu, eta Fraisoron beste bi urte egin nituen. Lagun batzuk Iruñera joan ziren, baina nik ez nuen aukerarik izan, hamasei urterekin baserrian geratu nintzen, eta harrez gero hemen nabil.

Lehen urte haietan zerekin hasi zinen?

Hasieran zortzi-bederatzi behi zeuden, eta etxean jarri nintzenean ukuilua pixka bat hazi genuen, eta esango nuke hemezortzi behi jarri genituela. Gerora, 30 bat urterekin, ukuilua handitu genuen eta 80-100 behietaraino iritsi ginen. 2006an, aldaketa egin genuen ardietara.

Zer dela eta ardiak?

Esan bezala behiekin ari ginen, eta gero auzoan ere beste bi ukuilu handi daude. 2006rako gauzak estutzen ari ziren. Batetik kuotak direla, bestetik kostuak ere asko igotzen, eta batik bat arazo handia geneukan simaurra edo pixarekin. Ez genekien zer egin. Asteasun baserri guztietan zegoen ganadu asko. Orain gutxiago entzuten da, baina zoritxarrez Asteasuk bolara batean ez zuen fama oso ona eduki. Zisterna bat mugitzen genuen aldiro, batean guarda, bestean ertzainak edo auzokoak, eta denak haserre. Lanean aritu behar eta guztiekin haserre ibiltzeko, ez du konturik eta orduan aldaketa egin genuen.

2006an bikotea eta biok heldu zenioten baserriari.

Bai. 2006an ezkondu ginen, eta hasiera batean 20-30 behietara jaitsi eta esnea elaboratzen hastea pentsatu genuen. Garai hartan esne kuotak zeuden, eta dena saldu edo ekoiztu beharra zegoen, eta behiak kendu eta ardiak jarri eta gazta ekoizten hastea erabaki genuen.

Erraza izan zen erabaki hori hartzea?

Ez. Oso zaila. Hasieran esan dudan moduan, niri beti behiak gustatu izan zaizkit, eta pena handia hartu nuen.

Ardiak jarri, gazta egiten hasi... Bietan aritu behar izaten duzu?

Bietatik egin behar izaten dut. Ukuiluan lan handia dago, eta gaztandegian ere bai. Ukuiluan lan gehiago dagoela esango nuke, baina ateratzen dugun diru apurra gaztarekin irabazten dugu. Beraz, gaztandegiko lanak ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara. Mutil bat ere badugu ukuiluan, eta ukuiluan orain dugu lanik gehiena. Martxoa bitartean, arkumeak jaiotzen ari direnean ukuiluan ordu asko egin behar izaten dira. Gero uda garaian, ordea, behiekiko ezberdina da, eta arkumeak kendutakoan lasaiago ibiltzen gara. Eta gaztandegian jarraitu behar izaten dugu.

Zer eskatzen du gazta egiteak?

Mimo handia eskatzen du, eta garbitasun handia ere bai. Gauzak oso garbi eta ondo erabili behar dituzu. Niri gustatzen zait gaztak egitea, baina jendeak uste duen bezain erraza ez da. Eta ordu asko eskatzen ditu.

Lotura du?

Bai. Ukuilua baino libreagoa da, baina gaztari ere egunero jarraipena egin behar zaio.

Gazta ezberdinak ere egiten dituzue?

Bai, baina %85 edo gehiago Idiazabalgo gazta egiten dugu. Eta hasiera-hasieratik mamia, jogurtak eta gazta freskoa ere egite ditugu.

Gazta berdinak egitea ezinezkoa, ezta?

Nik behintzat ez dut lortzen. Egun berekoak ezberdinak ateratzen zaizkit! Berdina egitea oso zaila da. Gazta aldatu egiten da; martxo aldekoa eta uda-udako gazta ez dira berdinak. Eta atsedenaren ostean, berriz, gaztak egiten hastean ere beti izaten dut urduritasuna.

Zein garai duzu gustukoago?

Arkume garaia oso gogorra da eta ordu asko eskatzen du, baina polita da. Gustukoena udaberri-uda garaia, eta lasaiena artzainontzat udazkena da.

Damurik baduzu hartutako erabakiaz?

Lanarekin estu zabiltzanean, edo eguraldi txarrarekin lokatzetan aztarrika zabiltzanean askotan pentsatu dut zertan nabilen hemen, baina damurik ez daukat.

Bezeroak dira zuen sostengu?

2010az geroztik sariak ia urtero lortu ditugu, eta zerbait ondo egiten dugunaren errekonozimendua bada. Baina errekonozimendurik onena salmentak ondo joatea da; sari asko irabaziagatik, gaztarik ez bagenu salduko, etorkizunik ez dago. Bezeroak, eta behin etorri dena berriz etortzea behar dugu.

Gizarteak baloratzen du baserritarrok egiten duzuen lana?

Egongo da baloratzen duen jendea, baina uste dut ez dela errekonozitzen egiten dugun lana. Eta zoritxarrez uste dut errekonozitu beharrean, gero eta okerrago ikusiak gaudela. Baserritarrok gizartetik gero eta urrutiago gaudela sentitzen dut. Asteasun bertan, arkume edo ardi bat ikusi, eta «ze polita!», esango dute, baina aurreragoko gauzarik ez dakite. Gero eta urrutiago gaude.

Bazterrean zaudetela uste duzu?

Orain artean ez dut sentitu, baina orain sentitzen ari naiz baserritarrok gaizki ikusiak gaudela.

Pandemiak eraginik izan du zuenean?

Inoiz baino gehiago saldu dugu, baina ardien jatekoa, argia, gasolioa, kartoia, plastikoa... dena igo da. Ez dakit guzti hori gaztaren prezioan igotzeko gai izango garen. Eta igo beharra dago, bestela ezin dugu aurrera jarraitu.

Tolomendik babestutako tartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!