Landa eremuko emakumeen parte hartze publikoari buruz arituko da Legarra

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 14a, 17:00

Asteasuko alkateak 'Emakumeak toki-korporazioetan' hitzaldia emango du 'online' landa eremuko emakumeen parte hartze publikoari buruz Eusko Jaurlaritzak antolatu duen jardunaldian.

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da urriaren 15ean. Egunaren harira Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak online jardunaldi bat antolatu du, landa eremuko emakumeen parte hartze publikoari buruzkoa. Eskainiko diren ponentzien artean Pili Legarra, Asteasuko alkateak Emakumeak toki-korporazioetan hitzaldia eskainiko du.

Legarra Asteasuko alkate izateaz gainera, Basqueskolako talde motorreko kidea da. Ostiraleko hitzaldian bertako toki-korporazioetako emakumeei buruz hitz egingo du eta Basqueskola sarearen esperientzia partekatu eta ikusaraziko du.

Landa eremuko emakumeen parte hartze publikoari buruzko jardunaldia 10:00etan hasiko da, Jone Fernandez Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren eskutik. Ondoren Legarrak eskainiko duen hitzaldiaz gainera beste bi izango dira: Errotik Kooperatiba feministak eremu publikoan emakumeen parte hartzeaz emango duena; eta Leire Milikuak eskainiko duena, emakume nekazarien garrantzia eta parte hartzeaz. Ondoren, hizlari horiek eta beste gonbidatu batzuek mahai inguru batean parte hartuko dute, beren iritzia emanez eta beren esperientzia pertsonalean eta profesionalean oinarritutako lekukotasunak partekatuz, eremu publikoan aktiboki parte hartzen duten landa eremuko emakume gisa.

Jardunaldietan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea. Izan ere, jardunaldian parte hartzeko esteka posta elektronikoz bidaliko zaie aldez aurretik izena eman dutenei. Hemen eman daiteke izena.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!