Jon Urbieta asteasuarra, Gipuzkoarekin bote luzeko finalean

Imanol Garcia Landa 2021eko urriaren 14a

Jon Urbieta, bote luzean jokatzen.

Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko du Gipuzkoak aurten, eta bertako partaidea da Jon Urbieta asteasuarra. Bizkaia 1 taldea izango du aurkari, etzi, larunbata, Nafarroako Buñuel herrian.

Gipuzkoarrek Iparralde 2 taldeari irabazi zioten finalerdietan (11-1), eta Bizkaia 1 Bizkaia 2 taldeari nagusitu zitzaion (5-3).

Bote luzea aspaldiko pilota jokamoldea da, eta aurrez aurre jokatzen da, talde bakoitzean bost pilotari daudelarik. Markagailua jokoak lortuz osatzen da. Seigarren Euskal Herriko Txapelketa jokatzen ari dira eta oraindik ez dute gipuzkoarrek txapelik lortu. Behar Zana elkarteko pilotaria da Urbieta eta orain sei urte hasi zen ere bote luzean jokatzen. Jokamolde horretan entrenatzeko ez du aukera handirik izaten: «Batetik aire librean izaten da, eta bestetik hamar pilotari behar dituzu partida osatzeko, eta hori ez da erraza izaten. Batez ere frontoian ibiltzen gara».

Finalerdietako markagailuari begiratuta, nahiko erraz irabazi zutela dirudi, baina partidaren hasiera nahiko borrokatua izan zela dio Urbietak: «Gero, aurreneko kintzeak eta jokoak egin ahala, lasaitzen joan ginen eta beraiek pixka bat behera etorri ziren, eta orduan partida hautsi egin zen».

Bizkaia 1 taldea aurkari gogorra izango dela esan du Urbietak: «Pilotari onak dituzte taldean, eta gure aldetik saiatuko gara lanak ematen». Nafarroa hegoaldean izango da finala eta, beraz, larunbatean bidaia luzea izango dute pilotariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!