Oinak arin, festa giroan

Irati Saizar Artola 2021eko ekainaren 26a

Asteasun, herriko gaztetxoenek dantza egiteko tartea hartu dute frontoian, San Pedro jaien baitan antolatu duten egitarauan; ikasturtean zehar ikasi dutena jendaurrean erakutsi dute.

San Pedro jaiak ospatzeko, hainbat ekitaldi ari dira egiten Asteasun. Arratsaldean, Oinkari dantza taldeak emanaldia eskaini du pilotalekuan. Herriko haur eta gaztetxoenek hartu dute parte, eta txalo zaparrada artean dantzatu dituzte ikasturtean zehar prestatutako dantzak.

Festak bihar jarraituko du Asteasun. 12:30ean, herriko trikitilari eskolakoek emanaldia eskainiko dute. Astelehenean, berriz,09:30ean, Konkis Txikia izango da LHko ikasleentzat, eta arratsaldez, 19:00etan, piraten emanaldia, frontoian. 22:30ean, berriz, Asteasu kantu-bideo proiekzioa, hainbat herritarren artean herriari egindako kantaren aurkezpena.

San Pedro egunarekin amaituko dira ekitaldiak. Dianarekin emango diote hasiera 10:00etan. 11:30ean, herriko musikariek kalejira egingo dute, eta ondoren, 12:30ean, bertsolariak izango dira frontoian: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal, eta gaiak jartzen, Amaia Agirre. 17:00etan, herri kirolak izango dira plazan. Harri-jasotzaileak: Aimar Irigoien, Mikel Lopetegi Urra eta Udane Ostolaza. Aizkolariak: Eneko Otaño eta Ugaitz Mugerza. Ordu berean, DBHko ikasleentzat, argazki eroa. Eta eguna borobiltzeko, 19:00etan, Puro Relajo taldearen kontzertua, pilotalekuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!