Asteasuko igerilekua zabalik izango da abuztuaren 31ra arte

Ataria 2021eko ekainaren 21a

Abonu bidez funtzionatuko du aurten eta beraz ez da eguneko sarrerarik salduko. Egunero 11:00etatik 20:00etara irekiko dute igerilekua.

Asteasuko igerilekua zabalik dago dagoeneko eta abuztuaren 31ra arte, egunero, 11:00etatik 20:00etara irekiko ditu ateak. Abonu bidez funtzionatuko du aurten eta ez da eguneko sarrerarik salduko.

Abonua eskuratzeko lehentasuna asteasuarrek izan dute. Guztira 256 pertsonentzako tokia dago Asteasuko igerilekuan eta udalak argitu du abonatu izateak ez duela bermatzen sarrera, aforoa gaindituta dagoenetan itxaron egin beharko baita.

COVID-19rengatik neurri batzuk hartuko dituzte aurtengoan ere. Besteak beste, belardia lursailetan zatituta egongo da eta zati bakoitzean elkarrekin bizi direnak egon ahal izango dute, besteekiko bi metroko distantzia mantenduz. Sarrerak eta irteerak ere markatuta egongo dira eta bainua hartzeko txandak errespetatu beharko dira, gehienez 15 minutukoak izango dira eta guztira une berean 71 pertsona egon ahal izango dira uretan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!