Asteasuko Xiri-Miri kultur taldeak ekitaldiak iragarri ditu udarako

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 4a, 07:56

Ostiralean egingo dute lehenengo ekitaldia. Ander Izagirrek eta Xabier Usabiagak txirrindularitzari buruzko saioa eskainiko dute.

Asteasun Xiri-Miri kultur mahai berria aurkeztu dute. Taldeak izaera komunitarioa du eta herritarren parte hartzea bultzatu nahi du, elkarren arteko harremanak sendotuz eta jarrera integratzailea eraikiz.

Herriko kultur ekitaldi ezberdinen bultzatzaile bezala lana egiteaz gain, gaur egun antolatzen diren jardueren eragileei parte hartzeko proposamena luzatuko die Xiri-Mirik, taldeko kideek aipatu dutenez, "ekimen ezberdinak antolatuz aliantza berriak sortzeko". Talde honen helburua herriko kultur jarduera sustatzea da, besteak beste, gai hauek ardatz hartuta: herriko historia, kirola, hizkuntza, genero aniztasuna eta adin ezberdinen arteko lotura. Xiri-Mirik aurrera begira dituen asmoen berri eman du: "Gelditu gabe, pixkanaka, herria kultur ekitaldiez bustitzeko asmoa dugu, zuekin batera".

Ibilbidearen hasiera honetan, eta abiapuntu gisa, erronka handiei heldu ordez pausu txikiak ematen joango direla iragarri dute, eta iraila bitartean antolatu dituzten ekitaldien berri eman dute. "Mimo handiz antolatu ditugun ekintza hauetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu", esan dute taldeko kideek.

  • Ekainak 4, ostirala

19:00. Udaletxeko ikus-entzunezko gelan txirrindularitzaren inguruko ekitaldia egingo dute. Bertan parte hartuko dute Giroa nola irabazi idi odola edanez liburua idatzi duen Ander Izagirrek eta Xabier Usabiaga esatariak.

  • Ekainak 11, ostirala

19:00. Udaletxeko ikus-entzunezko gelan Dardara dokumentala eskainiko dute. Marina Lameiroren bigarren film luzeak Berri Txarrak taldeak munduko hainbat txokotako jarraitzaileengan utzitako arrastoa erakusten du.

  • Ekainak 19, larunbata

19:00. Udaletxeko ikus-entzunezko gelan klarinete kontzertua emango dute. Andoaingo musika eskolako klarinete laukotearen kontzertua izango da eta tartean bi asteasuarrek hartzen dute parte.

  • Irailak 5, igandea

18:00. Udaletxeko ikus-entzunezko gelan Bideak dokumentala eskainiko dute. Aritz Ganboa artzainak egin duen erronka biltzen du dokumentalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!