Plan Orokorra lantzen hasiko da aurten Asteasuko Udala

Jon Miranda Labaien 2021ko mar. 3a, 19:59

Lamiategiko eremuan etxebizitza promozio berri bat abiatuko da 2021ean; herrian bizitzen geratu nahi duten gazteei aukera eman nahi die udalak proiektu honekin

Asteasuko Udalak 2.229.625 euroko aurrekontua izango du 2021ean. Asteasu Batuz taldeko zinegotzien aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin atera da aurrera proposamena. Datozen urteetarako giltzarria izango den Herriko Planeamendurako Plan Orokorraren lanketari ekingo dio udalak aurten eta horretarako 34.000 euro baliatuko ditu. Pili Legarra alkateak nabarmendu duenez orotara 170.000 euroko kostua izango du planak eta datozen hiru urteetan garatuko dute.

2008koa da aurreko Plan Orokorra Asteasun eta zaharkituta geratu dira bertan jasotako arauetako batzuk. Gaur egungo araudiarekin ere talka egiten dute bertan jasotako zenbait puntuk eta horregatik erabaki dute udal ordezkariek plan berriaren idazketa abiatzea. Legarrak adierazi duenez herritarrekin batera egin nahi dute prozesua: «Hurrengo hamar bat urteetarako herria marrazteko balioko digu planak eta fase bakoitzean iritzia emateko aukera izango dute asteasuarrek. Denok dugu partea honetan eta orain da hitz egiten hasteko momentua, baserritarrek bezala industriagunekoek, eta helduek bezala herriko umeek».

Herriko zerbitzuak non kokatu eta etxebizitzak non eraiki zehaztuko da, besteak beste, planeamendu berrian, baina horren aurretik, Lamiategi eremuan etxebizitza promozio berri bat abiatu nahi du udalak epe motzera. Aurreneko fasea «oso ondo» joan zen alkatearen iritzian eta horregatik erabaki dute egitasmoa errepikatzea. Kasu honetan, lurraren jabetza ez da %100 udalarena eta egunotan erosketa hori gauzatzeko negoziazioetan dabiltza udal ordezkariak. Behin eremuaren jabetza eskuratzerakoan, promotore bati lehiaketa publiko bidez esleituko zaio 31 etxebizitza eraikitzeko proiektua. Udalak bere baldintzak jarriko ditu: «Gehienezko prezioa finkatu eta etxebizitza horiek erosteko lehentasuna asteasuarrek izatea bultzatuko dugu. Aurreneko fasearekin oso esperientzia polita izan genuen eta errepikatu egin nahi genuke, gure helburua herriko gazteak herrian bizitzen geratzea baita». Herritarren artean hasierako kontsulta bat egin du udalak eta 45 asteasuarrek agertu dute interesa.

Etxebizitzen arloan beste asmo bat ere badu udalak: bebarru komertzialak etxebizitza bihurtzeko ordenantza berrikusi eta malgutuko du 2021ean.

INBERTSIO BERRIAK HERRIAN

Lamiategiko eremuan dagoen kirol kantxan egingo du Asteasuko Udalak 2021eko inbertsio garrantzitsuenetako bat. Gazteek egindako eskaeretara moldatuko dute espazioa eta lanak egiteko 30.000 euro baliatuko ditu udalak. Eusko Jaurlaritzaren Erein programaren bidez finantzatuko da obraren parte bat.

Aurrekontua prestatzerako orduan udal ordezkariek erabiltzen duten «zuhurtzia» aipatu du alkateak. «Inbertsioen atalean zehaztutako aktuazio guztiak diru sarrera errealekin kalkulatuta daude; Gerora, gerakinetik edo diru laguntzetatik diru gehiago lortzen badu udalak, orduan txertatzen dira proiektu zehatzak aurrekontuan». Azken urteetako aurrezpenen ondorioz mailegu bakarra geratzen zaio udalari ordaintzeko eta aurten gastu hori kitatzen joateko, 80.250 euro erabiliko ditu.

Lamiategiko kirol kantxarekin batera, Tranpazulo haur parkean ere moldaketak egin nahi ditu udalak eta horretarako azterketa abiatu du. Momentuz, aurrekontuan 30.000 euroko partida zabaldu du lan horietarako.

Asteasu herri txikia da, baina jendeari zuzendutako zerbitzu asko ditu eta zerbitzu horien mantenuak kostu handia eragiten dio udalari. «Aurrekontuaren ia erdia, 1.002.000 euro joaten zaigu mantenu lanetan, dela herri bideen konponketan, eskolan, kiroldegian, igerilekuan... Dena den, herritarren bizi kalitatean eragin zuzena dute zerbitzu horiek eta mantendu egin behar direla uste dugu», dio Legarrak.

Herritarrekiko konpromiso horren erakusgarri gizarte zerbitzuen atalera bideratuko duten kopurua da: 88.050 euro zuzenduko dituzte, funtzionamendu gastuez gain, herritarrei laguntza emateko. Kopuru horren parte esanguratsu bat, 35.000 euro, etxez etxeko laguntza zerbitzuan erabiliko da. Aldi berean, herriko umeek laguntzak jasoko dituzte, herritik kanpo kultur edo kirol ekintzak egin ditzaten. Laguntza hauetarako, 9.000 euro jaso dituzte.

Inbertsioen atalean, besteak beste, 79.925 euro bideratuko dira herri bideak konpontzera eta herriko trafikoa kontrolatu ahal izateko kamerak erosiko dira, horretarako 12.000 euro erabilita. Asteasuko Udalak aguazilaren lanpostua betetzeko tramiteak egingo ditu aurten eta bere zereginen artean egongo da trafikoaren kontrola, orain arte martxan dagoen ordenantza herri guztira zabaltzeko asmoa baitu udalak.

INGURUMENAREN KONTZIENTZIA

Legarrak beharrezkoa ikusten du hondakinen kudeaketaren gaineko kontrol zorrotzagoa egitea eta eginkizun horretan jarri nahi du herriko aguazil berria. «Asteasun ez dugu gehiegi birziklatzen eta kanpainak egin arren, ez dugu aurrerabide handirik egiten. Herritarrek askotan utzikeriaz jokatzen dute eta horrek udalaren altxortegian ere badu eragina. Geroz eta errefusa gehiago sortu, orduan eta diru gehiago erabili behar du udalak hondakinen tratamenduan». Urtean hondakinen kudeaketarako 195.000 euro erabiltzen dituzte Asteasun.

Energiaren kontsumoa murrizteko konpromisoaren erakusgarri, udal eraikinen efizientzia energetikoaren azterketa egingo dute 2021ean zehar. Dagoeneko, eta gutxiago kontsumitzeko helburuarekin, udaletxeko leihoak aldatzeko erabakia hartu du udalak eta horretarako 29.300 euro erabiliko ditu aurten.

GAKOAK

Plan Orokorra. Datozen hiru urteetan egingo du udalak prozesua herritarren laguntzaz. 170.000 euro bideratuko dira orotara; aurten, 34.000 euro.

Lamiategiko eremua. Bigarren faseari ekin nahi dio aurten udalak. Lurraren jabetza eskuratu eta 31 etxebizitza egiteko promotorea aukeratzeko lehiaketa publikoa egingo du.

Parkeak. Lamiategiko kantxa berritzeko 30.000 euro baliatuko ditu udalak eta Tranpazulo parkea ere berrituko du.

Energia. Udaletxeko leihoak berrituko dituzte aurten eraginkortasun handiagoa lortzearren. 29.300 euro erabiliko dituzte horretarako.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!