Gazte ekintzaileen abentura

Leyre Carrasco 2021ko ots. 16a, 11:59

Ekintzailetza eta gizarteratzea gaztetxoen artean sustatzea du helburu Mattin Gizarte Abenturak; herri gehiagotara zabaldu, eta eta adinekoekin ere hasi nahi dute.

Hamar urte baino gehiago daramatza Beñat Garciak (Asteasu, 1993) haur eta gaztetxoekin aisialdi lanetan, eta 2019an bere proiektu pertsonalari hasiera ematea erabaki zuen: Mattin Gizarte Abentura. Herriko parte hartzea galduta zegoela ikusirik, gazteei ekintzaile izaten erakustea du helburu, baina prebentzio lanerako ere balio duela aipatu du Garciak: «Nerabezaro aurrean sartzean arriskuak sortzen dira, eta hartu daitezkeen bide okerrak oztopatzeko ere balio du».

2019 urteko Aste Santuan antolatu zuen lehen ekimena. Hain zuzen, lau eguneko kanpaldi ekintzaile batekin eman zion hasiera abenturari: «Oso polita izan zen. Irteerak egiteaz gain, herriko gazteenek gurasoentzat zuzendutako jolasak ere antolatu zituzten». Geroztik, ekitaldi desberdinak egiteaz arduratu da Garcia; kanpaldiak, tailerrak, zaintza ardurak eta mendi irteerak, besteak beste. Horiek guztiek orain arte izandako harrera «oso ona» eta «positiboa» izan dela adierazi du, eta pixkana gainontzeko herrietara gizarte abentura zabaltzeko asmoa duela ere jakinarazi du. Hala, Asteasun ez ezik, duela hiru hilabete inguru Zizurkilen beste talde bat sortu zutela kontatu du Garciak, eta pixkana hori handituz joan direla: «Zizurkilgo DBH-ko bi gazterekin hasi ginen, eta orain, hamar gaztek osatzen duten taldea eratu da».

Hain zuzen, sei eta hemezortzi urte arteko haur eta gazteei zuzendutako ekimena da. Alegia, LH1-etik DBH 4-era, 17-18 urte bitarteko gazteak ere barne hartzen dituena, eta astean hiru egunetan biltzeko ohitura izaten dute; astelehen, asteazken eta ostiral arratsaldeetan. Orain ordea, bizi dugun egoera dela eta, bizpahiru taldetan banatu beharko dutela jakinarazi du, «begiraleen laguntzarekin eta beharrezko segurtasun eta osasun neurriak mantenduz».

MTB EKINTZAILEA

Mattin Gizarte Abenturaren hurrengo ekimena jada abian da. Otsailaren 13tik aurrera MTB Ekintzailea egingo dutela kontatu du Garciak: «Sei eta hamabi urte bitarteko gazte talde batek osatuko du taldea», eta hilean bi larunbatetan 15:30etik 19:30era egingo dute. Mendiko bizikleta ekimenaren helburua azaldu du Garciak: «Bertan sortzen den taldeak erabaki beharko du hurrengo ekitaldia zein izango den. Baina, antolatzen duten hurrengo jarduerak, bereziki, herriari zuzendua izan beharko du».

Jarduera berri horren ideia Asteasuko gazteek bizikletan ibiltzeko pista baten eskaeraren bitartez sortu zitzaion Garciari: «Udalari ezer eskatu baino lehen erakutsi behar diogu herrian lana egiten ari garela, eta gauzak aurrera eramateko gogotsu gaudela». Beraz, Asteasuko Udalari eskaera egingo diote, baina, aurretik, beraiek «lana behar bezala» egingo dutela diote.



HELDUENTZAKO ABENTURA

Aurrera begira, esku artean beste proiektu bat ere baduela adierazi du Garciak: «Oraingo honetan, gure asmoa gizarte abentura hirugarren adineko jendearekin egitea izango da». Bertan, ekintzailetza baztertu badu ere, taldea osatzen dutenen artean gizarteratzeko helburua izango dute.

Horretarako, hainbat tailer antolatuko dituzte, antzerki eta antzezpen tailerrak, besteak beste. Hori dela eta, Garciak herritarrenganako ekintzailetzan eta gizarteratzean parte hartzeko mezua helarazi du: «Ez bakarrik gaztetxoak, baizik eta mundu guztia animatu nahiko nuke esku bat besteengan jarri dezaten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!