Harri handien txapela Aimar Irigoienena da

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ots. 6a, 20:55

Asteasun jokatu da 2020ko Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa. Aimar Irigoien errezildarrak jantzi du txapela, 6.225 kilo jaso eta gero.

Iazko Gipuzkoako Harri Harrien Txapelketa jokatu da gaur Asteasun, eta lau harri-jasotzaile izatekoak baziren ere, hiruk parte hartu ahal izan dute. Ez du hutsik egin, eta Aimar Irigoienek jantzi du txapela. Bigarren Jokin Eizmendi sailkatu da, eta hirugarrena Jon Unanue Goenatxo III.a izan da.

Lau harri altxatu behar izan dituzte harri-jasotzaileek. 200 kiloko errektangularrarekin hasi, eta 175 kiloko zilindro kopa, 150 kiloko kubikoa eta bukatzeko 125 kiloko bola. Bi minutuko txandak izan dituzte harri bakoitza jasotzeko. 

Jon Unanue Goenatxo III.a hasi da, eta 200 kilokoari lau jasoaldi eman dizkio. Atzetik Aimar Irigoienek sei aldiz berdintzea lortu du eta baita Jokin Eizmendi zarauztarrak ere.

175 kiloko zilindro kopari, Goenatxo III.ak bost jasoaldi eman dizkio; Irigoinek hamaika eta Eizmendik bederatzi. Hirugarren saioa 150 kiloko kubikoarekin egin dute eta hurrenez hurren, bost, bederatzi eta bederatzi jasoaldi eman dizkiote.

Lanak bukatzeko, zain zuten 125 kiloko bola. Kasu honetan, Goenatxo III.ak bederatzi aldiz berdindu du bizkarrean. Irigoienek 14 jasoaldi eman dizkio eta Eizmendik, 13.

Guztira, Aimar Irigoienek 6.225 kilo bizkarreratu ditu, eta honenbestez txapela jantzi du. Jokin Eizmendik 5.750 kilo jasotzea lortu du bigarren postuan amaituz, eta Jon Unanue Goenatxo III.ak 3.550 kilo jasota hirugarrena izan da.

Aimar Galarraga izan da huts egin duen harri-jasotzailea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!