Kale Kantoitik

Pentsamentu kritikoa ez dezagula galdu

Nekane Txapartegi Nieve euskal iheslari politikoa Suitzan bizi da. Lora irrati librean egiten du lana, erredakzio feminista koordinatzen. Gaur Ataria irratiaren mikrofonoetan aritu da, Kale Kantoian, lehen aldiz:

Hor nenbilen hara eta hona zuekin konpartitzeko gogoeten dantzan, Memoria historikoaz edo emakumeen aurkako indarkeria matxistaz aritu... Egunkariak begiratzen hasi eta bat bateko sumina sortu zidan honako adierazpen honi kateatuta gelditu naizen arte: Sagarduik esan du herritarren jokabideen menpe daudela «pertsona askoren bizitzak». Hor hasi naiz galderak boteaz eta gaur mikrofonotik zuei gogoeta horiek ekarri asmotan naiz.  Zein bizitzaz ari da Sagardui? Presoena? Zaintza lanak egiten dituztenena? Biolentzia matxista jasaten duten emakumeena? Sektore prekarizatu eta feminizatuan gaixo egonda ere lanera joan behar dutenena? Migranteena? Etxegabeena? Zerrenda luzea erantsiko nioke baina joan nadin harira...

Ibon Fernandez de Iradiren kasuan ere ardura gurea ote da ba, larriki gaixo dagoen arren eta orain COVID-19an positibo emanda ere espetxean dispertsatuta atxikitzen dutelako? Edo euskal preso politikoak dispertsatzea erabaki politikoa izan zen bezala, ez al da ba erabakia politikoa Ibon eta beste presoak kaleratzea?

Eta haserre nabil, baina ez dakit irakurri dudanagatik eta erreakzio ezagatik. Eta jarraitzen dut nere gogoetekin... orain Eusko Jaurlaritzak esan behar ote digu ba elkartasuna eta ardura kolektiboa beraien politika neoliberalei men egitea dela? Nire solidaritatea zapalduekiko da eta bereziki une honetan non eta COVID-19ak garbi utzi dituen desberdintasun sozialak nola eragiten dien lehen ere zapalkuntza estrukturala jasotzen dutenei.

Eta neure buruari diot, beti bezala PNV eta agintariak oso abilak predikatzen eta errua besteei botatzen. Momentu historiko honetan ere, lortu dute arazoaren fokua beste nonbait kokatzea. Ekidin dute arazoaren mamiari buruz hitz egitea, izan ere ospitaleen kolapsoa guk ekarriko omen dugu “beraiek esandakoa ez badugu egiten”. Eta “esanekoak ez bagara neurri zorrotzagoak hartu beharko dituztela” adieraziz eta jendartea infantilizatuz. Horregatik nik COVID-19an egoeraren perspektiba aldatu nahi dut, Nire ustetan kudeaketa neoliberalek eta politika murriztaileek ekarri baitute egungo egoera hau. Eta norbaitek errua badu hori sistema kapitalista patriarkala eta arrazista da, gure bizitzak versus kapitala jartzen dituen horrena alegia. Eta huts egin dutenak edo arduradunak sistema hori bere horretan mantentzeko lanean ari direnak!

Beraz, egin dezagun perspektiba aldatzeko ariketa kolektiboa eta hausnartu dezagun normaltasunera bueltatzea ez dela konponbidea, normaltasun horrek hiltzen baikaitu (espetxeetan, patriarkatuaren eskuetan, lan prekarizatuetan, itsasoko uretan ihesean...). Pandemia joango da eta agian geratuko, baina joango ez direnak jazarritako neurri autoritarioak eta murrizketak izango dira eta horri buruz pentsatu beharko genuke. Horretarako pentsamendu kritiko gaitasuna eskuratu behar dugu eta irratia eta beste medioak ezin bestekoak dira hori gauzatzeko. Medio hegemonikoek estatu, instituzio eta agintarien mezua bere egin eta egia absolutua bezala errepikatuz jarraitzen duten bitartean are eta beharrezkoa da informazio kritikoa. Gure betebeharra kazetari feminista eta ezkerreko bezala jendarteari kritiko pentsatzeko tresnak eta informazioan ematean datza. Ni audio honekin hasi naiz...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!