"Inoiz baino gogo gehiagorekin nago entrenatzeko"

I. Garcia Landa / A. Imaz 2020ko urr. 29a, 19:59

Telebistan ikusten zuen pilotaria, Olaizola II.a, bere erreferentea, aurrelari izan zuen Iker Elizegi asteasuarrak bere debutaren egunean.

Aurreko ostiralean egin zuen Iker Elizegi (Asteasu, 2000) pilotariak debuta profesionaletan, Baiko enpresarekin. Herriko Usarrabi frontoian izan zen, eta Olaizola II.arekin batera 22-13 irabazi zioten Urrutikoetxea-Uriondo bikoari.

Nola joan zen debuta?

Nik uste dut oso ondo joan zela; hobeto ezin. Frontoia betea zegoen, familia gertu zegoen, lagunak ere hor zeuden eta sekulako giroa jarri zuten. Gero, gure lana ere txukun egin genuela esango nuke.

Eta zu zeu nola sentitu zinen?

Ni nahiko lasai atera nintzen kantxara. Omenaldia egin zuten unean, eta zain egoterakoan, urduritasunak ere izan nituen, baina hasieratik ondo sartu ginen partidan, 4-0 jarri ginen, eta horrek ere lasaitu egiten zaitu. Aimarrek ere asko lagundu zidan, eta partida nahiko lasai jokatu nuen.

Zer esan zizun Aimar Olaizolak?

Disfrutatzeko egun bat zela, nekiena erakusteko eta lasai hartzeko. Partidan erabat animatzen aritu zen, eta, bestalde, pilota txar asko kendu zizkidan. Aurrean zuen guztia errematatu egiten zuen eta jotzeko onak zirenak utzi egiten zizkidan. Egia esan, asko jokatu zuen Aimarrek eta oso gustura nago egin zuen guztiagatik.

Olaizola hor zure aurrean ikustean zer sentitu zenuen?

Orain arte telebistan ikusi dudan norbait izan da. Umetatik erreferentea eta idoloa da, eta zure aurreko koadroetan jokatzen ikustea, gainera bikote bezala, harrigarria da eta aldi berean oso polita eta ilusio handia egin zidan.

Omenaldia jaso zenuen. Nola izan zen?

Hiru oroigarri jaso nituen. Lehenengoa herriko gazte kuadrillakoek pare bat bertso idatzita eman zizkidaten koadro batean. Gero herriko Atzapar pilota elkarteak eta Herriartekoa lehen jokatzen genuenen artean, Urruzolak eta Aizpuruk, haiek txapela eman zidaten, eta gero udalak oroigarri bat eman zidan. Ilusioa egiten duten detaile politak izan ziren denen partetik.

Harmailak, ahal zen heinean behintzat, jendez beteta egon ziren.

Arratsaldetik gazteak izan ziren poteatzen, eta gero giroa segituan jarri zuten frontoian. Aurreneko unetik bukaerara arte animatzen izan ziren. Eskertuta nago horrelako babesa eta berotasuna emateagatik.

Debuteko partida irabazi egin zenuen, eta hurrengo egunean, larunbatean, berriro jokatzea tokatu zitzaizun, Olaizola II.a aurrelari zela. Orduan galdu egin zenuen, 22-9, Zubizarreta III-Urrutikoetxearen bikaren aurka.

Larunbat goizean deitu zidaten, Amurrion partida jokatu behar nuela azalduz. Ez nuen ostiralean bezala jokatu. Izan ere, debutaren partidaren ondoren, orduan izandako tentsioak direla eta, gorputza kargatuta eta arraro sentitzen nuen. Azkenean, ibilbide honetan era guztietako egunak izango dira, eta ohitu egin beharko dugu.

Eta aste honetako entrenamenduak beste sentsazio batzuekin egin dituzu, behin debuta eginda?

Dagoeneko bigarren urtea dut pilotari profesionalekin entrenatzen. Orain pausotxo bat eman dugu. Lehen ez zen lana, eta orain bai, eta exijentziak ere handiagoak izango dira. Ni inoiz baino gogo gehiagorekin nago, motibatuta, eta lana egiteko gogoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!