Siemens Gamesak Agoizko planta itxiko du, «ez delako lehiakorra»

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Martin 2020ko uzt. 1a, 09:57

Asteasun lantegia duen multinazionalak 239 behargin ditu Nafarroako plantan. Nafarroako Gobernuak helarazi du egoerak «ezinegon sakona» eragin diola, eta enpresarekin harremanetan jarriko dela, «konponbide onenen alde» lan egiteko.

Siemens Gamesak iragarri du itxi egingo duela Agoitzen (Nafarroa) daukan planta, duen «kostu handiagatik eta bere kokapen geografikoagatik, portu gertuenetik 200 kilometrora dagoelako». Horrek «bideraezin egiten du haren lehiakortasuna esplotaziorako», enpresaren esanetan. Haize errotentzako pala fabrika ezaguna da Nafarroakoa. Kaleratze kolektiboa gauzatzeko asmoz, enpresak datozen egunetan ekin nahi dio sindikatuekin bilerak egiteari. Aurreikus daiteke langileek beren lanpostuak babesteko mobilizazioei ekingo dietela berehala, eta, beraz, lan gatazka konplexu baten hasiera izan daiteke enpresaren ohar hori.

Espainiako Balioen Merkatuko Batzordeari bidalitako ohar batean, enpresak iragarri du «kaleratze kolektibo baterako prozedura abian jartzeko asmoa» duela. 239 langile ditu lantokiak. Siemens Gamesak iragarria zuen Agoizko plantan behin-behinean ari diren langileak kaleratzeko erabakia, eta horrek sindikatuen kezka areagotu zuen lantokiaren etorkizunaren inguruan.

Orain, berriz, planta ixteko prozesuari ekitea erabaki du Alemaniako zuzendaritzak. «Aurrerantzean ere Nafarroa izango da garapenerako zentro nagusietako bat», esan du oharrean. Aldi berean, baina, enpresak esplikatu du 170 metrorainoko onshore errotak direla konpainiaren geroa, Agoitzen egin ezin direnak, haren arabera. Nafarroako lantegian 132 metroko haize errotak ekoizten dituzte, eta handiagoak egiteko «ez da lehiakorra», Simenes Gamesak dioenez. «Erabaki oso zaila hartu dugu, eta jabetzen gara zer eragin izango duen gure langileen artean», esan du Alfonso Faubel onshore adarreko kontseilari ordezkariak; «hainbat hilabetean aukera guztiak aztertu ondoren, beste biderik ez dagoela erabaki dugu».

Nafarroako Gobernuaren erreakzioa

Siemens Gamesak gogoratu du 24.000 langileri ematen diela enplegua mundu zabalean, «horietatik 5.000ri Espainian», eta haien bideragarritasuna bermatzeko biderik eraginkorrena aukeratu dutela. Bide horrek, Agoizko lantegia itxi eta 239 langile kaleratzeak alegia, «ezinegon sakona» eragin du Nafarroako Gobernuan. Iruñeko gobernuak esan du Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri dela «interes orokorreko ikuspuntu batetik» aukera guztiak aztertzeko. Halaber, enpresarekin eta sindikatuekin ere ariko dela gaineratu du «konponbide onenen alde» lanean aritzeko.

Gamesa 1976an sortu zuten, eta 1990eko hamarkadan sartu zen berriztagarrien arloan. 2006tik, batez ere energia eolikoan zentratuta dago. 2007an hasi zen Agoitzen lanean. Iaz, esaterako, 350 pala egitea aurreikusi zuten; 2018an, 170 egin zituzten. Agoiztik Bilboko portura eta Zaragozara (Espainia) eraman ohi dituzte piezak. Zalantzak areagotu zituen, ordea, Portugalgo Vagosko plantaren erosketak.

Agoizkoez gain, gehiago ere baditu Siemens Gamesak Nafarroan. 1.500 inguru ari dira Sarrigurengo eta Aratzuriko planta eta bulegoetan. Agoitzen, iaz sinatu zuten lehenengo hitzarmen propioa, 2020ra artekoa. 

Erabakigunea galdu zen 2017an

2017ko apirilean eratu zen Siemens Gamesa enpresa berria, Alemaniako Siemens eta Euskal Herriko Gamesa elkartuta. Bat egite gisa saldu zuten, baina, egiazki, Siemensek kontrolatutako enpresa bat da orain, haren akziodunek enpresa berriaren %57 bereganatu baitzuten. Gamesaren akziodun nagusiak, Iberdrolak, enpresa berriaren %8rekin geratu zen, eta aurten utzi du parte hartze hori Alemaniako bazkidearekin harreman istilutsua izan ondoren.

Munduko enpresa eolikorik handienetako bat da Siemens-Gamesa, Danimarkako Vestasekin eta AEBetako General Electricekin batera. 24.000 langile ditu, 40tik gora herrialdetan. Enpresa osoaren egoitza soziala Zamudioko teknologia parkean dago (Bizkaia), eta handik zuzentzen da lurrean jartzen diren haize erroten atala ere, Gamesaren indargunea baitzen hori. Itsasokoena, berriz, Alemaniatik gidatzen dute, Siemens hor nagusi baitzen. Ingeniaritza eta I+G lan gehienak Sarrigurengo egoitzan egiten dituzte (Eguesibar, Nafarroa), eta haren inguruan, logistika eta zerbitzu zentro bat du bai Arazurin eta bai Iruñean, eta prestakuntza gune bat Noainen. Euskal Herrian bertan Siemens Gamesak hiru ekoizpen zentro izan ditu orain arte: palak egiteko lantegia Agotzen, itxiko duela iragarri duena, eta biderkatzaileen bi planta txiki Mungian (Bizkaia) eta Asteasun (Gipuzkoa). Gainera, Daniel Alonso Asturiasko enpresarekin batera erdibana du dorreak eraikitzeko fabrika bat, Olatzagutian (Nafarroa).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!