"Normaltasun berria" festa giroarekin apurtu dute Asteasun. San Pedro jaiak egun batera mugatu dituzte, eta gaurko eguna ekitaldiz betea izaten ari dira.
Musika doinuek esnatu dute astelehen goiza. Herriko txistulariek eta trikitilariek jarri diote erritmoa egunari, kaleak alaituz. Protokoloak betez antolatu dituzte ekitaldiak, eta egunerokoak diren distantziak mantentzea eta eskuak garbitzea beharrezkoa izan da.
Pilotalekuan haurrek eta haur ez direnek Hodei magoa zuten zain. Magiaren munduan sartuta pasa ahal izan dute goiza. Irribarreak, txaloak eta harridura izan dira protagonista. Era berean, protagonista izan dira Asteasuko haur eta helduak ere oholtza gainean.
Pilotalekutik kanpo, trikitilariak kalez kale eta amaiera emateko, abesti batzuk eskaini dituzte elkarrekin, trikitilariek eta txistulariek. Aldiz, herriko plaza herri kirol saiorako prestatu dute.
Bazkaltzeko tartea hartu, eta 17:00etan berriz ere Meliora taldea izango da festa alaituz. Egunari amaiera emateko, berriz, 19:00etan, bertso saioa. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Alaia Martin eta Haritz Mujika igoko dira oholtza gainera, eta Amaia Agirrek izango du gaiak jartzeko ardura.