Koronabirusa

Udalekuak egingo dituzte osasun egoera egokituta

Ataria 2020ko ekainaren 25a

Uztailaren 6tik uztailaren 31ra bitartean egingo dituzte, 09:30etik 13:00etara eta arrakasta handia izan dute aurtengoan ere. Ume askok eman dute izena.

Haurren hizkuntza ohituretan eraginez, euskararen ezagutzan sendotzea eta euskararen erabilera sustatzea ditu helburu udan egiten den jarduerak. Urtero espazio ireki eta zabaletan egiten dira jarduera ludikoak, baina aurten COVID-19ak eragindako egoera dela eta, udalekuen egoitzak herriko zenbait eraikin publiko izango dira, hala nola, eskola txikietako ludoteka, eskola, frontoia, Lizardi eraikina, Pello Errota eskolako psikomotrizitate gela eta kultur etxea.

Asteasun erroldatutako edota bertara uda pasatzera etortzen diren 3 eta 12 urte arteko umeek parte hartuko dute eta taldeka antolatuko dituzte. Talde bakoitza 9 haurrez osatuta egongo da. Hezitzaileen koordinazioa eta udalekuen zuzendaritza lanak egingo dituen arduradun bat egongo da aktibitate guztiak koordinatzeko. Talde bakoitzeko  hezitzaile bat arituko da.

Asteasuko Udalak gurasoekin egindako bilera baten ondoren adostu zuen aurten ere udalekuak egitea eta osasun agintariek emandako segurtasun neurrien arabera antolatzea. Besteak beste, guraso, tutore edo arduradunek haurra lagunduko dute egokitu zaion eraikinera, goizero. Sarrera eta irteera mailakatua egingo da. Haurrei tenperatura hartuko zaie etxean, eta sukarra izanez gero ezingo dute udalekutara joan. Gainera, gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbituko dituzte eta derrigorrezkoa izango da musukoa 2 metroko distantzia ezin bada gorde.

Familiei zuhurtzia handiz jokatzea eskatu diete, eta etxeetan norbait edo haurra gaixotuz gero, ahalik eta lasterren horren berri ematea, protokoloek ezarritakoa lehenbailehen bete ahal izateko.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!