Uztailaren 1ean zabalduko ditu ateak Asteasuko igerilekuak

Jon Miranda Labaien 2020ko eka. 18a, 16:30

Aurten eguneko sarrerarik ez da izango eta soilik abonatuek erabili ahal izango dute, txandaka; erdira jaitsi dute edukiera eta taberna zerbitzurik ez da izango.

Asteasuko Udalak igerilekuaren erabileraren inguruko galdeketa egin du herritarren artean. 262 asteasuarrek erantzun diote inkestari eta «nabarmen» agertu dute igerilekua irekitzearen aldeko jarrera. COVID-19aren inguruko osasun larrialdi egoerak behartuta, ordea, erabiltzaileek hainbat neurri bete beharko dituzte.

Berez, 512 lagunentzako tokia du Asteasuko igerilekuak, baina bi metroko segurtasun distantzia mantendu ahal izateko partzelatan banatuko dute belardia. Hortaz, edukiera erdira jaitsi, eta gehienez aldi berean 256 lagunek erabili ahal izango dute. Gainera, etxe berean bizi diren pertsonek baino ezingo dute elkarrekin egon partzela horietan.

Ekainaren 2an udalak herritarrekin egindako bileran adostu zituen igerilekua erabiltzeko txandak. Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra egongo da zabalik eta 11:00tatik 13:30era abonatu guztiek edukiko dute igerilekura sartzeko aukera. Ondoren instalazioak hustu egin beharko dira garbiketa eta desinfekzio lanak egiteko. Beste bi txanda ere zehaztu dituzte: 14:00etatik 16:45era eta 17:15etik 20:00etara. Tartean dagoen ordu erdia garbiketarako baliatuko dute. Herritarrek egindako bileran adostutakoaren arabera, arratsaldeko bi txandak hamabostero aldatu egingo dira. Alegia, 14:00etako txanda aukeratu duenak lehen hamabostaldian, hurrengoan 17:15ekoa edukiko du.

Abonuak eskuratzeko aukera dute asteasuarrek egun hauetan eta denak agortzen ez badira, ekainaren 24tik aurrera, kanpokoentzat jarriko dira salgai. Iazko prezioak mantendu dituzte, nahiz eta aurten igerilekua bi hilabetez bakarrik irekita egon. Taberna zerbitzurik ez da izango eta jatekoak eta edatekoak eskuratzeko makinak jarriko ditu udalak, igerilekuan bertan.

USARRABIKO ZERBITZUAK

Joan den astelehenetik zabaldik dira Asteasun, bestelako kirol instalazioak ere. Gune horien barruan mugitzeko maskara eramatea nahitaezkoa izango da. Lurrean markatuta egongo da jarraitu beharreko ibilbidea, eta irizpide orokor gisa, aurreko pertsonarekin bi metroko gutxieneko distantzia mantentzea eta eskuinetik joatea gomendatu dute. Erabiltzaile bakoitzak bere ur botila eramatea eskatu dute eta komunak irekiak egongo diren arren, iturriak itxita mantenduko dituzte. Aldagelak eta dutxak ezingo dira erabili.

Usarrabi kiroldegiko spinnig eta giharrak lantzeko aretoak 17:00etatik 21:00etara egongo dira zabalik eta erabiltzaileek Asteasuko udalaren webgunean ikusi ahal izango du uneoro edukiera beteta edo plaza librerik dagoen. Kirol anitzeko aretoan ez da ikastarorik egingo eta ezingo da 10 pertsonako muga gainditu. Osasun zerbitzuen gelan, berriz, zerbitzua ematen duen profesionala eta erabiltzailea bakarrik egon ahal izango dira eta aurretik hitzartutako ordutegian zabalduko dute.

Herriko pilotalekuari dagokionez, 17:00etatik 21:00etara egongo da irekita. Erreserbak 943 69 34 00 telefonoan egin beharko dira, edo bestela, posta bidez asteasu@bpxsport.es helbidean. Txanda bakoitzean gehienez lau erabiltzaile egongo dira beraien arteko distantziak mantenduz. Harmailak itxita egongo dira, eta aldi berean, baita rokodromoa eta kiroldegian dagoen sauna gela ere.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!