Koronabirusa

Asteasuko zenbait kirol instalazio ireki dituzte

Ataria 2020ko eka. 15a, 13:48

Ekainaren 15etik aurrera frontoia, giharketa, spinning eta kirol anitzeko aretoak zabalduko dira, baita komunak ere.  Oraingoz ez dira baimentzen aldagelen, saunaren eta rokodromoaren erabilerak.

Asteasuko kirol instalazioaren barruan mugitzeko maskara eramatea nahitaezkoa izango da. Lurrean markatuta egongo da jarraitu beharreko ibilbidea, eta irizpide orokor gisa, aurreko pertsonarekin bi metroko gutxieneko distantzia mantentzea eta eskuinetik joatea gomendatu dute. Erabiltzaile bakoitzak bere ur botila eramatea eskatu dute eta komunak irekiak egongo diren arren, iturriak itxita mantenduko dira. Aldagelak eta dutxak ezingo dira erabili.

Zerbitzu bakoitzaren erabilera zehaztu du Asteasuko Udalak ohar batean.

  • Giharketa aretoa: 17:00etatik 21:00etara egongo da irekita. Erabiltzaileek Asteasuko udalaren webgunean ikusi ahal izango du uneoro edukiera beteta dagoen edo plaza librerik dagoen. Prezintatu gabeko makinak erabili ahal izango dira soilik. Goizean eta 19:00etan garbiketa enpresa adituak garbiketa zehatza egingo du; 18:00etan eta 20:00etan aretoko arduradunak desinfektatuko ditu aretoko lurrak. 
  • Spinning aretoa: 17:00etatik 21:00etara egongo da irekita. Erabiltzaile kopurua gehienez ere sei pertsonakoa izango da. Ez da ikastarorik emango, baina bertan prezintatu gabe dauden sei indoor bizikleta erabili ahal izango dira soilik, beti ere erabiltzaileen arteko gutxieneko distantzia bermatzen bada. Udaleko webgunean ikusi ahal izango da aretoaren edukiera beteta dagoen edo ez. Goizean garbiketa enpresa adituak egingo du garbiketa zehatza, eta gero aretoko arduradunak desinfektatuko ditu aretoko lurrak saioak amaitutakoan.
  • Kirol anitzeko aretoa: Ez da ikastarorik egongo. Aretoko arduradunen esku utziko da giharketa aretoko makinak kirol anitzeko aretora eraman edo ez, beti ere, 10 pertsonako muga ez bada gainditzen. Kontakturik gabeko kirolak egin ahal izango dira eta arduradunak kontrolatuko du aretoa. Goizeko garbiketaz gainera, bertako arduradunak 18:00etan eta 20:00etan lurrak desinfektatuko ditu, aretoari erabilera ematen bazaio.
  • Osasun zerbitzuen gela: Bi pertsona egon ahal izango dira soilik, zerbitzua ematen duen profesionala eta erabiltzailea. Profesionalak gela desinfektatuko du erabiltzaile bakoitzarekin amaitu ondoren. Aurretik hitzartutako ordutegian egongo da irekita gela.
  • Frontoia: 17:00etaik 21:00etara  egongo da irekita. Erreserbak 943 69 34 00 telefonoan egin beharko dira, edo bestela, posta bidez asteasu@bpxsport.es helbidean. Txanda bakoitzean gehienez lau erabiltzaile egongo dira beraien arteko distantziak mantenduz. Harmailak itxita egongo dira. Frontoira sartzerakoan eta atera baino lehen eskuak garbitu beharko dira, sarreran jarri den hidrogel banatzailea erabiliz.

Rokodromoa eta sauna gela oraingoz itxita egongo dela jakinarazi du Asteasuko Udalak. Dena den, dokumentu honetan instalazio bakoitzaren erabileraren inguruko xehetasunak irakur daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!