Koronabirusa

"Atea irekiko nuke, baina ez dakit nola"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mai. 14a, 11:00

Asteasuko Otardi landa aterpetxeko Larraitz Alkorta eta Alfredo Aranburuk ez dute irudikatzen etorkizunik, eta zaila ikusten dute.

Larraitz Alkorta eta Alfredo Aranburu bikoteak duela bost urte ireki zuen Otardi landa aterpetxea Asteasun.

Nola jaso zenuten ixteko abisua?

Aste horretan jada saltsa zegoen, eta zalantzan egon ginen. Asteburu horretan Aiztondoko txirrindulari proba zegoen eta talde bat genuen, eta zain geunden aurrera egingo ote zuen edo ez.

Uste baino gehiago luzatu da itxialdia. Nola bizitu duzue?

Denak bezala, hamabost egun pasa eta berriz ere martxan egongo ginela uste genuen, baina gero konturatu ginen luze joko duela. Gure aterpetxearen kasua txikia da, eta gure filosofia elkartzeko gune bat izatea da; egoteko, babesteko eta elkartzeko gune bat da. Gure gelak taldeentzako dira. Hamar eta hamabi pertsona sartzen diren gelak ditugu. Bi hilabete hauek ezustean harrapatu gaituzte, eta oraindik ere ez dakigu nola egingo diogun aurre. Zalantza handi bat dugu, eta ez dakigu nola egingo dugun irekiera.

Irudikatzen duzu irekiera?

Gu gogotsu gaude, eta jendea galdezka ari zaigu. Bertako turismoaz bizi gara, batez ere. Gertuko jende, familia eta kuadrillak etortzen dira, eta jende guztia galdezka ari zaigu. Hilabete hauetarako erreserbak genituen. Herenegun Hazik eman zigun ikastaro bat protokoloa dela eta, eta guk oraindik ere zalantza asko dauzkagu. Talde gelak ditugu eta jangela bat elkarrekin egotekoa, eta ganbara bat elkarrekin gauzak egiteko. Guk dena konpartituta egiteko daukagu pentsatuta, eta gure aterpetxearen helburua hori da, gauzak konpartituta egitea. Eta hori guztia da debekatuta dagoena.

Baina irekitzeko gogorik ez zaizue falta.

Oso gogotsu gaude, eta etorri izan den jendea eta gertukoak ere bai, baina udara begira oraindik ezin diegu erantzunik eman. Osasun neurri aldetik jartzen diren arau horiek direla eta, guk uste dugu bakoitzak jarri beharko duela bere aldetik, eta guri dagokigunean arropak, garbitasuna, produktuak,... ez dut irudikatzen. Baserri txiki bat da, eta ez dakit nondik emango diogun irtenbidea. Handiengan pentsatuta egiten dira protokoloak. Nik atea irekiko nuke, baina ez dakit nola. Bezeroekin hartu-eman handia izaten dugu, eta elkarrekin bizi gara.

Nola daramazue familiako negozioa izan eta ezjakintasunean bizitzea?

Gogorra da. Bikotea gara, eta honetatik bizi gara. Jada bosgarren urtea da aurtengo uda, eta sendotzen hasiak ginen. Garairik okerrenean etorri da; aisialdi taldeen topaketak, bertsolarienak, trikitilarienak, antzerki mundukoak... ikasturte amaierako topaketa guzti horiek izaten dira martxoan, apirilean eta maiatzean. Hori da gure diru iturria eta gure bizitzeko era. Bat-batean dena hankaz gora geratu zaigu.

Etorkizunari begira jarrita, zer ikusten duzu?

Ez dut irudikatzen. Zaila. Guk batez ere, uztaila eta abuztuan egiten dugu lan, eta orain erreserba guztiak zintzilik ditugu. Oso gogotsu gaude eta jendea animatzen dugu. Ahal dugun heinean irekiko ditugu ateak, baina ez dago gure esku.


 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!