Borroka egin eta gero, akordioa

Jon Miranda Labaien 2020ko mai. 2a, 10:18

Asteasuko Siemens-Gamesako txandakako langileak apirilaren 20an itzuli ziren lanera, zuzendaritzarekin akordioa sinatu eta gero. Hilabete pasatxo eman dute greba mugagabean eta Josu Zubillaga langileen ordezkariak eredugarritzat jo du denbora honetan egin duten borroka: «Enpresa multinazional handia da gurea, oso handia, baina gure txikitik demostratu dugu integritatea dugula, inor kaltetu gabe merezi dugunaren alde egiten jakin dugula. Borroka honek erakutsi digu duintasuna dela gehien balio duena».

2018 bukaeran iraungi zitzaien ituna, eta 2019 hasieran hasi ziren berria adosten. Asteasun lanean jarraituko zutenaren ziurtasuna nahi zuten langileek eta aurreko urtearen bukaeran egindako zenbait lanuzte eta mobilizazioren ondoren lortu zuten enpresak lan bermea eskaintzea. Berehala agertu zitzaien bigarren harri txintxarra negoziazioetan: txandaka aritzen diren langileen eta lanaldi zatikatua duten langileen arteko aldea. Hori murrizteko borroka abiatu zuten martxoaren hasieran Siemens-Gamesako Asteasuko erreleboetako langileek.

Asteasuko plantan, 202 langile ari dira, eta horietatik 132k egiten dute lan txandaka. Langile horiek martxoaren 9an abiatu zuten greba mugagabea. «Denbora honetan guztian zuzendaritzak beste eskaintza batzuk egin dizkigu, baina beste langile batzuen eskubideak murriztea proposatzen ziguten txandakakoenak hobetzeko. Ez dugu beste inoren gaizkia bilatu nahi gure onuraren alde eta harro gaude, egoera samurra izan ez arren hilabetez eutsi ahal izan diogulako. Borroka eginez gero galtzeko arriskua duzu, baina ez baduzu egiten, galduta zaude».

Zuzendaritzaren azken proposamena apirilaren 20an jaso zuten eta batzarrean bilduta ia aho batez eman zioten baiezkoa. Zubillagak akordio «ona» dela dio eta azpimarratu du 2019-2022 lan itunean txertatzeko konpromisoa idatziz jaso dutela. Hiru puntu adostu dituzte: «Gutxien irabazten dutenei igoko zaizkie gehien soldatak, lortu dugu lan sari txikiena zutenei KPIa eta kantitate handiago bat igotzea. Bestalde lan baldintza gogorrak ditugunontzat, edo lan fisikoena eta zikinena dugunontzat, plus batzuk erdietsi ditugu. Amaitzeko, gauez eta asteburuetan lan egiten dugunok, atseden gehiago izan dezagun, 2021 eta 2022rako lanaldi murrizketa batzuk adostu ditugu».

Negoziazioan agertu zaizkien bi eragozpen nagusiak gainditzea lortu dute Asteasuko langileek eta adostutakoak txertatuta 2019-2022 ituna «lehenbailehen» onartzea espero du Zubillagak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!