Atxagaren 'Etxeak eta hilobiak' 111 Akademia sarriako finalista

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 2a, 11:51

Karmele Jaioren 'Aitaren etxea' nobelarekin batera iritsi da finalera asteasuarraren lana. Apirilaren 27ra arteko epea dute akademiakideek botoa emateko.

Aurreko txandan Atxaga eta Jaioren liburuekin batera, Itxaro Bordaren Susmaezinak, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik eta Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan izan ziren hautatutako liburuak. Bigarren bozketa txandan Karmele Jaioren eleberria izan da boto gehien jaso dituena baina ez du zuzenean saridun izateko %40ko langa gainditu. Beraz, Aitaren etxea nobelarekin batera, bigarren sailkatutako Atxagaren Etxeak eta hilobiak pasa da finalera.

Akademiakideek apirilaren 27a baino lehen adierazi beharko dute bi liburuen artean zein duten gogokoen. Hura izango da, 2019ko 111 Akademia saria eskuratuko duena.  Bai Atxagak, bai Jaiok aurretik ere jasoa dute irakurleek emandako saria. Asteasuarrak 2003an Soinujolearen semea nobelagatik eta gasteiztarrak 2006an Amaren eskuak liburuagatik. Aurretik hiru idazlek baino ez dute saria birritan lortu: Ur Apalategi Idirinek (1997an Gauak eta hiriak eta 2010an Fikzioaren izterrak); Anjel Lertxundik (2002an Zorion perfektua eta 2008an Zoaz infernura laztana); eta Harkaitz Canok (2011an Twist eta 2018an Fakirraren ahotsa). 1996. urtetik banatzen da saria.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!