111 Akademiaren Sarirako hautagaien artean dago 'Etxeak eta hilobiak'

Ataria 2020ko martxoaren 18a

Bernardo Atxagaren azkeneko nobela bigarren bozketa txandara igaro diren bost lanen artean dago. Martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa.

2019. urteko 111 Akademiaren Saria erabaki ahal izateko 111 Akademiak amaitu du bere lehenengo bozketa txanda, otsailaren hasieran martxan jarri eta martxoaren 5era arte zabalik eduki duena. Lehenengo bozketa txanda horretan botorik gehien jaso duten obrak ondokoak izan dira:

• Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik
• Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan.
• Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak.
• Itxaro Bordaren Susmaezinak.
• Karmele Jaioren Aitaren etxea.

Martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen %40a bereganatuko balu, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke 2019ko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera pasako lirateke.

Lehenengo bozketa txandan 95 akademiakidek eman dute botoa. Urtero bezala, bigarren eta, halakorik balego, hirugarren txandetan kopuru horrek gora egitea espero dute Akademiako arduradunek, bozketek aurrera egin ahala handitzen joaten baita irakurketan eta ondoriozko bozketan parte hartzen duten akademiakideen kopurua. Akademiak, apirilaren azkenean emango du ezagutzera 2019ko 111 Akademiaren Saria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!