Greba mugagabea hasiko dute astelehenean Asteasuko Siemens Gamesan

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 6a, 11:51

Txandaka aritzen diren langileek hartu dute erabakia, bi eguneko greba egin eta enpresa arduradunen aldetik mugimendurik ez dela eman ikusita. Langileen arteko arrakala txikitzea eskatzen dute. 

2019. urte hasieran hasi ziren lan hitzarmen berria negoziatzen Asteasuko lantegian. Hasiera batean, langileek enplegu bermea eskatu zion enpresari, aurrera begira egon zitezkeen mugimenduen aurrean langileek Asteasuko lantegian jarraitzeko segurtasuna izan zezaten. LAB sindikatuko langile ordezkari den Josu Zubillagak azaldu duenez, "dezente" kosta zitzaien langileei berme hori eskuratzea, baina mobilizazio batzuk egin ondoren, enpresa arduradunen aldetik konpromisoa lortu zuten, hitzarmenak iraun bitartean, enplegua bermatuta edukitzeko.

Asteasuko Siemens Gamesako langileek bigarren eskakizun bat jarri dute mahai gainean hitzarmena negoziatzerako orduan: "Langileon artean dagoen arrakalarekin amaitzea eskatzen dugu". Zubillagaren esanetan, langile batzuen eta besteen arteko diferentziak geroz eta nabarmenagoak dira Asteasun: "Gehienbat tailerrean errelebotan aritzen garen langileak gara lan ordutegi txarrenak ditugunak, kontziliaziorako oztopoak baino jartzen ez dizkigutenak eta gutxien irabazten dugunak", adierazi du LABeko delegatuak.

Langile ordezkarien esanetan, enpresa arduradunek hartu dituzten azkeneko neurriek areagotu egin dituzte langileen arteko diferentziak. "Nazkatuta daudela esan digute langileek. Lantegi berdinean lanean aritu eta batzuk Ferrarian doazela eta beste batzuk oinez gabiltzala ikusita. Bada garaia gure lana errekonozitzeko".

Errelebotan lan egiten duten langileek aurreko astelehenean asanblada bat egin zuten egoera honen inguruan eztabaidatzeko. Martxoaren 3an eta 5ean, astearte eta ostegunean greba egitea erabaki zuten. "Emaitzak argiak izan ziren, 79 baiezko, 32 ezezko eta 3 zuri", esan du Zubillagak. Bi egunetan %100eko jarraipena izan du grebak eta ikusita enpresarekin adostasunik ez dela lortu, astelehenetik aurrera greba mugagabean hastea erabaki dute Asteasun txandaka aritzen diren langileek.

Martxoaren 9tik aurrera, Asteasuko langileak euren egoeraren berri ematera joango dira Siemens-Gamesaern Iruñeko plantara eta Zamudion enpresak duen egoitza sozialean ere egingo dute protesta.

Hau da iragarri duten mobilizazio egutegia:

Martxoak 9, astelehena

08:30. Iruñeko plantara irteera egingo dute. Irteera Asteasuko lantegitik egingo dute eta 14:00etarako itzuliko dira.

Martxoak 10, asteartea

09:00. Echesan elkarretaratzea egingo dute.

13:00. Enpresa atarian kontzentrazioa.

Martxoak 11, asteazkena

08:30. Echesatik aterako dira autobusez Zamudiora, Siemens Gamesaren egoitza sozialera. 14:00etan izango da itzulera.

Martxoak 12, osteguna
 

09:00. Echesan elkarretaratzea egingo dute.

13:00. Enpresa atarian kontzentrazioa.

Martxoak 13, ostirala
 
09:00. Asteasuko lantegitik irtengo dira eta 14:00etan izango da itzulera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!