Asteasuko Siemens Gamesan txandaka lanean ari diren langileek lehen greba eguna dute gaur

Ataria 2020ko martxoaren 3a

2017an, langileak kaleratzeen aurkako protestan.

Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, enpresak "hitzarmena baldintzatu nahi izan du langile batzuen lan baldintzen kontura". Ostegunerako ere greba eguna deitu dute. 

2019ko urtarrilean enpresarekin hitzarmen berria negoziatzen hastean, bi helburu garbi zituen Asteasuko Siemens Gamesako enpresa-batzordeak: "Enplegu bermea eta hitzarmena, hau da, orain arte enpresak sortu dituen langile kolektiboen diskriminazioa eta soldata arrakala txikitzeko bidean hastea".

Batzordetik jakinarazi dutenez, enpresak enpleguaren bermea hitzarmenarekin loturik izan behar duela jakinarazi zien. "Ez hori bakarrik, hitzarmena baldintzatu nahi izan du enpresako langile batzuen lan baldintzen kontura", gaineratu dute.

Hori ikusita, enpresa batzordeak enpresaren proposamenean pisu txikiena zuen kolektiboa deitu zuen asanbladara; txandaka lanean ari direnak edo errelebistak. "Asanbladan honako proposamena egin zen, gaur, martxoak 3, eta ostegunean, martxoak 5ean, greba egunak izatea. Eta enpresarekin adostasunik lortu ezean, martxoak 9tik aurrera greba mugagabean hastea. Asanbladaren emaitzak oso argiak izan ziren. 79 baiezko, 32 ezezko eta 3 zuri".

Ondorioz, Siemens Gamesa Asteasuko erreleboetako langileak greban gaude hitzarmen duin bat eta enplegu bermea lortu arte. Deitzaileek azaldu dutenez, lehenengo egun honetan grebaren jarraipena 100% izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!