Bertsoa, antzerkia, poesia eta musika, 'Erik eta Win' lanean

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 13a, 19:57

Buhameak taldeak bigarren ikuskizuna estreinatu berri du, eta Asteasun aurkeztuko du bihar, udal aretoan, 20:00etan; harreman intimoen barrukietan begiratzen dute.

Ez gara Palestinaz ari! izan zen Buhameak taldeak eskaini zuen lehen emanaldia. Sei urte igaro dira hura estreinatu zutenetik, eta esperientzia «aberasgarria» izan dela, eta publikoaren «harrera ezin hobea» izan duela diote, Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek eta Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariek, taldeko kideek. Bada, «lehenengoaren filosofia bera mantenduz», bigarren ikuskizuna egin dute, Erik eta Win. Donostian, iragan ostiralean estreinatu ostean, Asteasuko udal aretoan izango da bihar, 20:00etan.

Erik eta Winikuskizuna, beraz, ez da lehengoaren jarraipen bat, baina, kasu honetan ere, protagonisten baitako egiak eta esperientziak kontatzen dituzte. Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariek, haien arteko harremanaren eboluzioa ardatz hartuta, harreman intimoen barrukietan begiratzen dute. Nola erakarri ziren, nola nabigatu duten botere harremanetan, nola elkar lagundu duten, nola konpetitu duten, zein nolako harremanak izan dituzten emakumeekin eta nondik nora hurbildu zatzaizkien, nola ezkutatu eta agertu dituzten zenbait desio eta behar emozional… Hain agerian ez dauden gakoak aztertzen dituzte, izan jendartearen aurrean erakusten dutena, edo izan izatearen txokorik sakonenean ezkutatzen dutena, onartuak ez izatearen beldur edo maitatuak direla senti dezaten. Gaur egun gizon izateak mantentzen dituen estereotipoen gainean hausnartzen dute, eta horretarako, bi gizon eredu gorpuztuko dituzte. Lagunkoiagoa, sentsibleagoa eta biguinagoa dena antzeztuko du Muñoak eta gogorragoa eta bere baitan gordetzera egiten duena Lizarraldek; orokorrean, sumatu litekeen noraeza ere bistaratzen dute. Gizon eredu berriak sortzea premiazko eginkizuna dugula islatzen dute, eta horretarako erantzun zuzenik ematen ez bada ere, etorkizunera begiratzen duten urratsak iradokitzen dituzte.

DIZIPLINA DESBERDINAK

Lau kidek osatzen dute Asier Sota antzezle eta zuzendariak gidatutako obra. Ander Lizarralde eta Unai Muñoa gidoiaren egileak dira eta emanaldiko ahotsa, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariek lagunduta, lehenak piano eta eskusoinuarekin eta bigarrenak gitarrarekin.

Aipatzekoa da doinu berriak plazaratuko dituztela, bai eta zenbait kantu proposamen ezberdin ere. Hainbat diziplina artistiko ezberdin lantzen dira ikuskizun honetan. Hala nola, bertsoa, antzerkia, poesia, musika… Erabiltzen duten tresna garrantzitsuenetako bat umorea da, horretan oinarritzen baita, batik bat, antzerkiari dagokion tartea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!