Argazki Galeria

Elkartasunak irabazi du lasterketa

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko abenduaren 29a

Goizean, Asteasuko V. Elkartasun Krosa ospatu da herriko kaleetan. Aurten ere, bildutako dirua, Aiztondo bailararekin senidetuta dagoen El Salvadorreko Segundo Montes komunitateari laguntzeko izango da. Lourdes Colomo eta Iñaki Sarasua izan dira azkarrenak helmugan.

Adin guztietako herritarrek nahiz ingurukoek utzi ahal izan dute euren aletxoa elkartasuna adierazteko. Irteera puntuan lehenak, 2010ean eta ondorengo urteetan jaiotakoak izan dira. 500 metroko itzulia eman diote zirkuituari. Enea Garmendia eta Endika Jimenez izan dira azkarrenak. Alebin mailan, berriz, Peru Muxika izan da lehena helmugan.

Ondoren, 2005 eta 2008 urteen artean jaiotakoen txanda izan da, bi kilometroko ibilbidea egin behar izan dutelarik. Kategoria honetan, Ahetze Olanok eta Beñat Fernandezek lortu dute lehen postuan amaitzea. Aurten, ez da itzuli solidariorik izan. Ez da inor animatu, eta haurren lasterketak amaitu ondoren, helduen lasterketari heldu diote zuzenean.

Kadeteek lau kilometroko ibilbidea burutu dute, eta jubenil eta seniorrek, berriz, sei kilometrokoa. Kadeteetan Maialen Alkain eta Axel Arrikarte izan dira garaile. Jubeniletan, Inar Herrero izan da azkarrena mutilen kategorian. Nesketan, berriz, bi garaile izan dira, izan ere, Maddi Urkiolak eta Elene Ceberiok elkarrekin gurutzatu dute helmuga. Senior mailan, berriz, Iñaki Sarasua gizonezkoetan, eta Lourdes Colomo emakumezkoetan izan dira bizkorrenak.

Haurren mailako irabazleei, Mattin dendarako 10 euroko opari txartelak eman dizkiete sari modura; gaztetxoenen kasuan, bonboi kaxa eta gazta bana helduetan, berriz, ardo botila eta gazta bana. Partaide guztientzat, gainera, hamaiketakoa banatu dute eta amaieran, saski desberdinak zozkatu dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!