Argazki galeria

Aimar Irigoien txapeldun, 200 kiloko harri errektangularrarekin

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko abenduaren 22a

Gaur jokatu da, Asteasuko frontoian, 200 kiloko harri errektangularraren bueltan antolatutako txapelketa berezia. Aimar Irigoien errezildarra izan da onena, 3 minututako 2 txandatan, 17 altxaldi eman ondoren.  Jokin Eizmendi izan da bigarren; hirugarren, berriz, Inaxio Perurena izan da.

Azken urteetan, Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa jokatu ohi zen Asteasun, baina aurten, Azpeitin ospatu zen. Asteasun geratutako hutsune hori betetzeko, duela ia 30 urte jokatu zen txapelketa bat berreskuratzea erabaki zuten. Ikusmin handia sortu zuen aurkezpenean, eta zale sutsuenek ez dute huts egin. Jendez lepo zegoen frontoia, eta askok, zutik ikusi behar izan dute 12 harri jasotzaileek eskainitako saioa.

Duela hiru hamarkada, 16 harri jasotzaile aritu ziren lanean. Gaur ere, orduko arau berdinak zituzten parte hartzaileek: hiru minutuko bi txandatan jasoaldi gehien lortzen zituena izango zen txapeldun. Bi txandak amaituta, Irigoienek 17 aldiz altxatu du harria (lehen txandan, 8; bigarren txandan, 9); Eizmendik, 16 aldiz (bi txandetan 8 aldiz); eta Perurenak, 15 aldiz (lehenean, 7; bigarrenean, 8).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!