Enplegu bermea eskatu dute Siemens-Gamesan

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 20a, 07:58

Asteasun aritzen diren 213 langileek bi orduko lanuzteak egingo dituzte aste honetan, enplegu bermearen defentsan

Siemens-Gamesan lan egiten duten Asteasuko 213 beharginek ziurgabetasun handia bizi dute. Enpresa batzordeari «izugarri» kezkatzen dio enpresak maila orokorrean bizi duen egoera: «Akziodun taldeen arteko gatazkak, enpresaren etengabeko berregituraketak, beste herrialde batzuetan gauza bera ekoizten duten enpresen erosketak, dozenaka kaleratze, deslokalizazioak...». Horregatik, enplegu-bermea eskatzen dute. Plantilaren %100 ari da bi orduko lanuzteak egiten aste honetan.

2018. urte amaieran iraungi zen Asteasuko Siemens-Gamesaren lan hitzarmena eta urte hasieran hitzarmen berria negoziatzen hasi zen enpresa batzordea. «Langileen gehiengoarentzat punturik garrantzitsuena enplegu berme bat adostea zen». Enpresak enplegu bermeari buruzko proposamen bat egiteari uko egin ondoren, langileek batzarrean onartu zuten enpresa batzordeak sustatutako mobilizazioei eta lanuzteei ekitea. Enpresa batzordean, LAB sindikatuak zazpi delegatu ditu eta bi delegatu independente dira.

«Gure fabrikaren kasu zehatzean, gure hiru lankideri kontratua berritzeari utzi diote, ziurtzat jotzen ziren inbertsioak erori dira eta erabaki estrategikoak zalantzagarriak baino gehiago dira». Asteasuko lantegian «lasai» lan egiten jarraitzeko aukera emango dien enplegu bermea eskatzen dute langileek, «izan ere, arrazoi ugari daude plantila segurtasunik gabe sentitzeko eta etorkizunari kezkaz begiratzeko».

Mobilizazioak aste honetan

Negoziatzen hamar hilabete baino gehiago eman ondoren, enplegua bermatzeko konpromisoa idatziz hartzea ezinbestekotzat jo dute langileek eta horretarako hasi dituzte lanuzteak aste honetan. Jakinarazi dutenez, enpresak beste lantegi batzuetan eskaini duena baino txikiagoa ez den enplegu bermea aurkeztu arte jarraituko dute protestekin. Langile guztiek bat egin dute mobilizazioekin. LAB sindikatuak banatutako oharrean aipatzen duenez, «arrakasta honek indartu egin du langileen enplegua bermatu eta etorkizunean Asteasun lan egiteko duten konpromisoa».

Aste honetan egingo dituzte lanuzteak Siemens-Gamesan. Enpresak enpresa berme hori ziurtatzen ez badu, oporren ondoren lanuzteak eta mobilizazioak gogortzea proposatuko dutela jakinarazi du LAB sindikatuak bere oharrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!